Aitzondoaren magalean, Oria ibaira begira, leku ezin hobean kokatzen da Arrillagaaundi baserria. Oinplano karratukoa da, lau hormak harriz eta manposteriaz eginak ditu, bi solairu eta ganbara, eta hiru ur-isuriko teilatua. Zurezko egitura bikaina dauka. Beheko solairuan, harlanduzko habe karratuen gainean zurezko habeak altxatzen dira, teilaturainoko pieza bakarrekoak. Tartean, txinela eta besoekin indartutako soliboek, eraikuntzari proportzio eta batasun perfektua ematen diote. Zurezko elementu guztiak zenbaki erromatarrekin markatuak daude. Ganbaran, bi habetan, irazkia egiteko zirientzako zuloak ageri dira (gero ehundegirako haria egiteko). Ganbaran ere, eta gain-hagaren azpiko habean, ipararraldeko fatxadan, maskaroi bat dago, “año 1740” idatzita duela. Gaur, Arrillagaaundi monumentua da, Ondasun Kultural Kalifikatua.
Aginagako Komunitateko partaidea da.
Arrillaga izenaren aspaldiko erreferentziak baditugu:
1499an, Aginagako Juan de Arrillaga aipatzen da, Usurbilen egin zen aurreneko erroldan.
1625ean Lope Martinez de Isastik “Arrillaga” izeneko oinetxe bakarra aipatzen du Aginagan. Urte haietan baziren bi Arrillaga, Haundi eta Txiki.
1642an, “Arrillaga de Suso” etxeak lau dukat eman zituen erregearentzat, Gipuzkoako Batzar Nagusien agindua betetzeko. “Donativo graçiosso” deitzen zitzaion emaitza hari.
1822an eta 1864an “Arrillaga Mayor” izena aipatzen da zenbait izen zerrendatan.
Lehengo jabeak Ignazio Azurmendi eta Josefa Aizpuru errezildarrak ziren. Hauek, Urretabizkaia familiari erosia zioten, seguru asko XX. mendearen hasieran. Azurmendi-Aizpuru senar-emazteek Intxaurreta ondoan “Naigenduena” deitzen den etxe berri bat egin zuten, eta bertan bizi dira gaur.
Salsamendi familia 1955ean etorri zen hona, hasieran maizter, baina handik urte gutxitara, 1958an, erosi egin zuten baserria 450.000 pezetaren truke. Remigio Salsamendi Bengoetxea Arburukoa zen, eta emaztea Josefa Ignazia Lizaso Salsamendi zuen, Tellegindegikoa. Ezkonduta, Zubietako Kalea baserrian jarri ziren maizter, eta bertan jaio ziren beren bost seme-alaba: Dolores, Joxe (“aingerutxo” hil zen bi hilabeterekin), Damaso, Tomas eta Gabino. Semeen osasunarentzat Zubietako airea ona ez zela zirudienez, Arrate baserrira aldatu ziren. Han beste bost seme-alaba izan zituzten: Klotilde -zeinaren amandrea Klotilde Urretabizkaia zen-, lehen jabe izandakoa Arrillagaaundiko Juanita, Ignazio, Maritxu eta Luix Mari. Gero, Arrillagaaundira aldatu zen familia osoa. Tomas gelditu zen maiorazko etxean. Haren emaztea Arantxa Esnal Iruretagoiena da, Arrillagatxikiko alaba. Gaur, Arrillagaaundin baserri tradizionalaren jarduera mantentzen da; 22 larre behi eta 55 ardi dituzte ehun golde dituen etxe honetan.
Baserriaren lotutako argazkiak:
- Arrillagaaundi.
- Arrillagaaundi
- 1940 abuztua. Lezoko Santo Kristo basilika Josefa Ignazia Lizaso Salsamendi eta Remigio Salsamendi Goikoetxea, ezkontza.
- 1934 Armendi baserriko ataria (Errezil). Azurmendi-Aizpuru sendia. Famili osoa Errezilgo Armendi baserritik etorri ziren Arrillagaaundira. Ezkerretik eskubira eta goitik behera: Eusebi (Aginagako Lertxundira ezkondu zen). Blaxa (Irunen ezkondu zen). Maria Luisa (Elorriora). Maria Josefa (Irunera joan zen). Rafael (Apaiza). Iñaxio (Arrillagaaundin Maiorazgo gelditu zen). Felix (1936-39 gerratean hil zen). Euleterio (1936-39 gerratean hil zen). Eserita: Pantxika (Amona) eta Juan Mari (Aitona).
- 1966 apirilak. Aginagako elizaren inaugurazio eguna. Ezkerretik eskubira: Klotilde, Maritxu (Komunio handian), Juanita eta Dolox Salsamendi Lizaso, laurak ahizpak.
- Joxepa Iñaxi Lizaso Salsamendi.
- 1975 1-. Ignazio Lizaso (Telleindegi), 2-.Damaso Lizaso (Gazteluerrotakoa, Telleindegin jaioa), 3-.Agustina Zabala (Itziartarra Damason emaztea), 4-.Trini Etxeberria Maioz (Lizargaratekoa,Tellegindegiko etxekoandrea). 5-. Joxe Lizaso, Trinin senarra. 6-. Mariaren senarra (Oikiakoa kondekua baserrikoa). 7-. Maria Salsamendi (Arrillagaaundi), 8-. Juanita Salsamendi (Arrillagaaundi). 9-. Juanitaren senarra (Oikiakoa).
- 1976.Arrillagaaundiko Salsamendi Lizaso sendia. Ezkerretik eskubira: Gabino, Maritxu, Damaso, Remigio Salsamendi (aita), Luix Mari, Dolox, Joxepa Iñaxi Lizaso Salsamendi (ama), Klotilde, Iñaxio, Tomas eta Juanita.
- 1985 Arrillagaaundi.
- 1998 Arrillagaaundi. Harrizko zutabea ukuiluan.
- 2001 Arrillagaaundi. Irazkia egiteko zirientzako zuloak.
- 1998 Arrillagaaundi. Zurajearen xehetasunak. Ganbara.
- Arotzaren markak.
- 1956. Ramon eta Begoña Aizpurua Lizarreta. Isostegitik alan pasatzen ziren biak bakarrik Arrillagaazpi baserriko alagunera gero Aginagako eskolara joaten ziren oinez errepidetik. Bide beretik bazkaltzera itzuli Isostegira eta arratsaldean berriro eskolara.Dotrina ikastera Arrillagaaundira joaten ziren, han Dolores Salsamendik ematen zien dotrina.