Artxubieta baserria Bordatxo mendiaren mendebalean dago, Artxubietagaina deitutako bizkar batean. Eraikuntza txikia da (17 x 9 metro).
1850 eta 1852ko Donostiako udal barrutiko bi planotan agertzen da marraztua Artxubieta baserria.
Handik urte batzuetara, 1864an egin zen “Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa” delakoan, “Archubieta” izeneko baserria aipatzen da; udaletxetik 3.300 metrora zegoen.
Olasagasti familia bizi da baserri honetan, eta bertakoak Arratzainberrikoen lehengusu dira. Joxe Antonio Olasagasti Artxubietako aitona eta Joxe Juan Olasagasti Arratzainberrikoa, anaiak ziren.
Joxe Antonio Olasagasti XIX. mendearen bukaera aldean Gazteluko alaba zen Joxepa Antoni Aranarekin ezkondu zen, eta zazpi seme-alaba izan zituzten. Klaudio semea etxean gelditu zen maiorazko eta Fermina Gaztañagarekin ezkondu zen 1942an. Fermina berastegiarra zen, Mustar baserriko alaba. Hiru seme-alaba izan zituzten. Gaur Artxubietako nagusia den Joxe Julian Olasagasti Klaudioren semeetako bat da. Maria Jesus Zelaia etxekoandrea, berriz, Araizko Intzako errotako alaba da. Senar-emazteak bizi dira bertan.
Lehen Artxubietan esne behiak izaten ziren, baita idi parea ere. Paradako zezena izaten zuten, eta herriko nahiz Igeldoko behiak ekartzen zituzten estaltzera. Sagardoa ere egiten zuten.
1972an Bilbao-Behobia autobideak bere lur sail hoberenak kendu zizkion Artxubietari. Antza denez desjabetze honek eraginda esne behiak eta zezena kendu zituzten. Gaur hamaika larre behi dituzte.
Baserriaren lotutako argazkiak: