Artzabaletaaundi Artzabaletatxikiren ondoan zegoen. Biak, Zubietatik Santuenerako bidean dute kokapena. Artzabaletaaundi desagertua da.
1379koa da baserri honi buruz ezagutzen den lehenengo aipamena. Garai hartan zatitu zen Zubieta, Donostia eta Usurbilen artean. Artzabaletaaundi, Artzabaleta zaharra, Donostiako aldean geratu zen. Lope Martinez de Isastik aipatzen du, 1625ean, “Arzabalaga” izenez. “Yurubieta” (Irurubieta) etxearen segidan aipatzen duenez, Artzabaletaz ari dela ia ziurra da. Gaur, bere orubean dagoen eraikuntza berriak, XVI. mendeko zurezko egitura zuen etxe bat ordezkatu du. Garai bereko dolare handi bat etxearen egituraren parte zen. Eraikuntza bikaina zen, habe nagusi eta soliba ederrekin. Arzabaletaaundi Zubietako Komunitateko partaide zen, akzio erdi batekin.
Etxe honen izenaren hainbat aipamen ageri dira dokumentu zaharretan.
Miguel de Arzabaleta izenekoa, XV. mendearen bukaeran Irurubietako errotan lanean hil zen. 1517an, Juan de Arzabaleta eta Juan Martin de Arzabaleta agertzen dira auzi batean, beste zubietar batzuekin batera, berenak ziren Oriako Itxia inguruko lurrak eta ondasunak defendatzen, Juan de Lasarteren aurka. Horrek burdinola bat egin nahi zuen zubietar haien lurretan. Catalina de Arzabaleta, 1521ean jaioa, lekuko agertzen da 1586ko beste auzi batean. 1566an, Hernando de Arzabaleta oinetxe honetako ondorengoak auzotasuna zuen Donostian. 1652an eta 1663an, Juanes de Arzavaleta izena ageri da, Zubietako ordezkari eta lekuko gisa. 1605ean jaioa zen. 1668an Mariana de Arzabaleta eta ahizpa Gracia de Arzabaleta agertzen dira Usurbilgo elizako hilobi bateko jabegoa berreskuratzeko eztabaidan.
1680 inguruan, Zubietako Komunitateak erosi egin zuen Ariçavaleta izeneko etxea. Hortik aurrera maizterrak bizitu ziren bertan. Geroago, Komunitateak ostera saldu egin zuen, seguru asko XIX. mendearen erdialdean. 1702an eta 1705ean, Juan de Aizpurua Arçavaleta aipatzen da batzarkide gisa. 1724an, Artzabaletako maizterra Joseph de Guilisasti izenekoa da. Azkenik, 1867an eta 1876an, Joxe Agustin Añorga zen Artzabaletaaundiren jabea.
Zubietako Goia familiak erosi zuen, Urkamendiko Urruzmendi familiaren ahaide ziren. Dirudienez, etxean zituzten zor handiak zirela medio, familiarena zen Artzabaletatxikira pasa ziren bizitzera, eta maizterrak jarri zituzten Artzabaletaaundin. Zubitur familia zen maizter familia hura. Itxuraz, tximista batek jo zuela eta, maizterrek etxea utzi egin zuten, eta erori egin zen. 60 hamarkadan Juan Maria Agirre Orobiourrutia arkitekto donostiarrak erosi zuen, eta etxe zaharraz geratzen zena bota ondoren, txalet bat egin zuen. Baserriaren lurrak, berriz, Matias Azpillagak erosi zituen, eta errentan erabiltzen dituzte inguruko baserritarrek.
Baserriaren lotutako argazkiak: