Atxegazar


Atxega jauregitik oso hurbil zegoen mendebalerantz. Baserria eraikuntza bikaina zen, XVI. mendekoa, dirudienez, XVII. mendean handitua. Lau aurrealdeek, oso proportzionatuak eta erregularrak, harlandu, harri, mortairu eta zura ageri zuten, eta egitura guztia zurezkoa zen. Antza denez, ongi mantendua zegoen. “Aitzezar” eta “Gorritinea” izenekin ezagutzen zen etxea.

Atxega jauregia eta Atxegazar etxalde bakar bat ziren, hau da, jabe bera zuten: Basilia Maria de la Blanca Porcel y Guirior, Villalegre eta San Millango markesa.

1625ean, Lope Martinez de Isastik aipatzen du “Atxegazarra” oinetxea.

Lehen Atxegazarrean Aranburutarrak bizi ziren maizter. Gero, jabe berarena zen Santuenea baserrira aldatu ziren. Gorriti familia bizitzen jarri zen 1925 aldera. Lehenago, familia hau Aialdenean bizi zen eta Atxegazarrera pasa ziren, baserria erosita. Joxe Gorritik aita eta Anttoni Kamino, biak sortzez usurbildarrak, sei seme-alaba izan zituzten. 22-24 abelburu zituzten, idi parea, erriberetan 15 golde lur lantzeko, eta Kaparotz inguruan, berriz, mendi zabalak (beste 20 golde).

Joxe Gorritiren seme zaharrena, Ignazio, Aialdenean jaioa bere aita bezala, Erramusenea edo Ortelanoneko alaba zen Karmen Pagola Esnalekin ezkondu zen. Atxegazarrean jarri ziren bizitzen, eta handik urte batzuetara kalera alde egin zuten.

Ignaziok beste anaia gazteago bat bazuen, Agustin hain zuzen, eta hau gelditu zen aita-amekin etxean.

Joxe aita hil zenean, ama gelditu zen Agustin semea eta Josefa eta Pilar bi alabekin. Etxea saldu egin zuten, eta dirudienez, Aginagako Soroko Maioz familiak erosi zuen. Gorrititarrek ordura arte berena zuten etxetik alde egin zuten. 50 urte bada behiak kendu zituztela. Baserriak hutsik denbora asko pasa zuen, eta azkenean bota egin zuten eraikuntza industrialak egiteko.

Baserriaren lotutako argazkiak: