Barrenetxegoikoa


Barrenetxebekoaren ondoan dagoen baserri honetan Iparragirre familia bizi da. Ignazio Iparragirreren aita zena, Joxe Iparragirre, Barrenetxegoikoan jaio zen XIX. mendearen bukaera aldera, baserria eraiki eta berehala. 1940 aldera, Josefa Jaurrietarekin ezkondu zen. Josefa, Ebaristo Lizaso Aginagako Tellegindegiko semearen alarguna zen, Ebaristo 1936ko gerran desagertu baitzen. Joxepa eta Joxek hamaika seme-alaba izan zituzten. Gainera, Joxepak bazituen lehenengo senarrarekin beste bi, beraz hamahiru seme-alaba hazi zituzten, hamar mutil eta hiru neska. Sei-zortzi behi zituzten. Lasarteko Iurritaren autobusean, Joxepa egunero joaten zen Zubietatik Donostiara, eta esnea eta barazkiak saltzen zituen etxez etxe. 1959an, Gurelesa egin zutenean bukatu zen Donostiarako eguneroko bidaia. Urte batzuetan jarraitu zuten esnea esne-zentralari ematen, eta azkenean, behiak kendu egin zituzten 1974an. Urte horietan, bestalde, etxea eraberritu egin zuten. Gaur, Barrenetxegoikoa lau etxebizitzatan zatitua dago.

Ignazio Iparragirrek (izengoitiaz “Europa”), Joxeren semeak, baserritik urrun aurkitu zuen ogibidea: marinela izan da 15 urtez; bederatzi marea edo arrantza-denboraldi egina da Ameriketan, Ternuan, bakailaoaren arrantzan. Zubieta eta Usurbil aldean marinel izandako bakarra da dirudienez. Inguruotako baserrietako gazte asko Michelin lantegian sartzen ziren lanera. Ignaziok ere hala nahi izan zuen, baina ez zuen lortu, Frantzisko Aranburu Zubietako apaizak zion ezinikusia zela eta, informe txarrak eman zituelako. Izan ere, apaiz honek gustukoak zituenek bakarrik edukitzen omen zuten Michelinen lan egiteko aukera.

Baserriaren lotutako argazkiak: