Berraiartzabitartea oinetxea San Esteban elizatik iparraldera dago, Berraiartzagoiena eta Berraiartzabarrena baserrien artean. Planta errektangularreko baserri handia da (19,20 x 23,20 metro); hiru solairu eta ganbara ditu, harri eta manposteriaz egindako hormak, eta harlanduak ertzetan. 550 metro karratuko bi ur-isuritako teilatua du. Aurrealde edo fatxada nagusia, erregularra eta simetria osokoa, hegoekialdera orientatua dago. Beheko solairuan, sarrera puntu erdiko arku batetik egiten da; honen gainean armarria dago. Lehenengo solairuan sei leiho daude armarriaren alde banatara, eta bigarrenean balkoi luze bat, dena zurezkoa. Barruko egitura zurezko zatikako habeekin egina dago. Ate eta marko oso landuek zenbait tailu dituzte. Landutako ate, friso eta beste hainbat barruko elementu, Frantzisko Galparsoro “Patto” zurginak berrituak dira. Berraiartzabitartea eraikuntza bikaina da bere osotasunean.
Berraiartzabitartea XX. mendearen hasieran erre egin zen dirudienez, eta berriz eraberritu egin zuten, gaur duen itxura hartuz. Berraiartzabitartea Aginagako Komunitateko partaide da.
1486an, Juanicoth de Verrayarça jauna aipatzen da lekuko gisa epai batean. Beharbada, etxe honetakoa izango zen.
1499an, Usurbilen ezagutzen den aurreneko erroldan, “Santuru de Varrayarza” izeneko bat agertzen da. Beharbada, Berraiartzabitarteko jabea izango zen. 1566an, bestalde, Miguel, Cristobal, San Joan, Martin, Domingo eta Joanes Berrayarza Donostian bizi ziren, eta bertan auzotasuna zuten. Arbasoak Berraiartzabitartekoak zituzten.
XVI. mendearen erdi aldean, Juanes de Echeverria, Sorabillako izen bereko oinetxeko semea, Maria Martinez de Berreyarza andrearekin ezkondu zen. Maria, Berraiartzabitarteko jabea zen orduan: “señora de la casa solar de Berreyarza de medio” alegia. Legezko seme bakarra izan zuten, Juan de Echeverria y Berreyarza. Hau Altza herriko Larratxao oinetxeko alaba batekin ezkondu zen. Lau seme legezko izan zituzten: Juanes, Cristobal, Domingo eta Alonso Echeverria-Berreyarza y Larrachao. Handik aurrera, dirudienez, Echeverria-Berrayarza deitura bakar gisa gelditu zen.
Lope Martinez de Isastik, 1625ean, “Berreiarza” izeneko hiru oinetxe aipatzen ditu Urdaiagan, eta horietako bat Berraiartzabitartea da.
Jose Maria Mutiloa Poza historialariak “Roncesvalles en Guipúzcoa” lanean dioenez, 1804an Berraiartzabitartea Maria Josefa Balderrain (edo Beldarrain) andrearena zen. Maria Josefa Irisasiko administratzailea zen. Aipatutako urtean Illunben hil zen, bizi zen etxean alegia: “La casería de Berreizartea y otras varias de que era dueña y poseedora la difunta administradora son de vinculo y mayorazgo riguroso y recaido en su hijo D. Jose Fernando, todo libre de hacienda raiz, muebles, derechos de viveros y demás pertenecidos son partibles entre el enunciado D. Jose Fernando y sus dos hermanas, sobre que se ha procedido a la toma de razon e inventario…”. Arrebak Serafina eta Maria Ignacia ziren.
1829an, Berraiartzabitartean Luis de Arbistain bizi zen, seguru asko, morroia edo maizterra zela. Zubietan izan zen auzi batean lekuko gisa agertzen da.
1864ko “Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa” etxe-zerrendan “Berreizartea” baserria agertzen da. Bi etxe bizitza aipatzen dira hor, bata solairu bakarrekoa, eta bestea berriz, hiru solairu baino gehiagokoa.
XIX. mendearen bukaeratik aurrera, Anacleto de Romero y Zatarain zen Berraiartzabitarteko jabea. Oso aberatsa, Filipina irletan dirua egin omen zuen, eta dirudienez, baserri honetan bertan bizi zen. 1876an, Gipuzkoako probintziako diputatu izendatu zuten, eta 1889an, berriz, Gipuzkoako Diputazioko lehendakariorde.
Jose Romero Sein semeak hartu zuen etxearen jarraipena. Dirudienez, Berraiartzabitartean jaioa zen 1877an. Jose Romero ere, Gipuzkoako probintziako diputatu izan zen bi aldiz; beste bi aldiz, Madrilen senatore. Armada espainiarreko lurralde ordezkari, eta beste zenbait kargu bete zituen. 1916an gobernu espainiarrak ematen zuen nekazaritza-merituaren Gurutze Handia jaso zuen. Ana Maria Dorrego Bidagurenekin ezkondua zegoen.
Berritzabitartea baserriko Eujeni Irazustak dioenez, Ana Maria oso emakume ederra zen. Manolo deitutako seme bat izan zuten.
1920 aldean hil zen Jose Romero, eta handik gutxira, Manolo semea, Alemanian, dirudienez, moto lasterketa batean. 1940 inguruan Ana Maria Dorregok saldu egin zuen Berraiartzabitartea bere lur guztiekin. Donostiako bi sendagileren artean erosi zuten, Larrea eta Bidarte izenekoak. Hauek egoitza-sendategi bat jarri zuten. Hirurogei urteren ondoren, jarduera honekin jarraitzen du baserri bikain honen historiak.
Baserriaren lotutako argazkiak:
- 2001. Berraiartzabitartea
- 1900. Berraiartzabitartea. Argazkia:“La Vida en el campo†aldizkaritik hartua.
- 1900. Berraiartzabitartea. Argazkia:“La Vida en el Campo†aldizkaritik hartua.
- Berraiartzabitartea. Argazkia:“La Vida en el Campo†aldizkaritik hartua.
- Berraiartzabitarteko etxekoandrea:Ana Maria Dorrego Bidaguren eta bere semea: Manolo Romero Dorrego.
- 1920ko Apirilean Donostian matrikulatutako CADILLAC markako autoa. Seguruasko Berraiartzabitartera etorri zen lehen autoa.Txoferra Larrañaga Berraiartzabitarteko maizterra.
- 2001. Berraiartzabitarteko sarrera, gaur desagertua.
- 2001. Berraiartzabitarteko armarria.