Bizkarra


San Salbatore elizatik eta Kalezarreko herrigunetik hurbil, erriberen gaineko gune zabal eta lauan dago. Kokapena, garai bateko ikuspegitik, oso ona da. Atxegako dorre zaharra kokatzen den lekuarekin pareka daiteke.

XVI mendeko eraikuntza da Bizkarra. Planta laukizuzena dauka, aurrealdetik (fatxada nagusiaren aldetik) atzetik baino zabalagoa, eta bi ur-isuritako teilatua. Lau hormak harriz eta manposteriaz eginak ditu. Etxearen barruko egitura osorik zurezkoa da, eta beheko zorutik ganbararaino doazen habe osoek eusten dute. Etxea eraiki zuten mendeko dolare baten egitura ere mantentzen du.

Zubietako Aliri, Aginagako Sariaaundi eta Kalezarreko bertako Ibarrolaaundi baserriekin batera esan daiteke Bizkarra dela, gaur egun, XVI. mendeko egitura ia osoa mantentzen duen Usurbilgo baserri bakarra.

Elena Barrena Osorok “La Formación Histórica de Guipúzcoa” bere lanean dio “Iheldo-Bizchaya” izena agertzen dela XII. mendeko erdialdeko dokumentu batean. Garcia Ramirez Nafarroako erregeak aipatu lurra, besteren artean, Iruñeako elizari eman zion dokumentu horrek azaltzen duenez. Historialari honek dioenez, “Bizcarra” baserria izan daiteke leku hori.

1402an Ochoa Zarra de Vizcarra agertzen da lekuko Zubietako “Iruzubieta” oinetxearekin Atxegako jaunak izan zuen liskar batean.

1499an Machin de Bizcarchipia Usurbilen ezagutzen den lehen erroldan azaltzen da.

1576an Manuel Lekuonak Bartolome de Vizcarra aipatzen du Usurbilgo semea eta Lasarteko San Pedro elizan apaiz zegoena.

1615ean Lopez Ça de Bizcarra, Catalina de Bizcarra eta Pedro de Bizcarra, San Salbatore parrokiako elizkideak konfirmatuak izan ziren.

Lope Martinez de Isastik, bere “Compendio Historial de Guipúzcoa” liburuan, Elizalden kokatzen du “Vizcarret” izeneko oinetxea, 1625ean.

Saroe jauregiko jabegoa zen. Ignacio de Soroa kapitainak 1689an sortu zuen maiorazko iraunkorrean eta lokarrian aipatzen du: “La casseria nombrada Vizcarra, que yo compre con sus manzanales, tierras de sembrar, monttes y demas pertenecido sitta en jurisdicion dela dha Villa de Usurbil…”.

Gaur egun Salsamendi sendia bizi da bertan, 1930 aldera erosi baitzuten. Urdaiaga-Jauregi, Gilisasti, Errementaldegi, Txara… eta beste asko garai haietan saldu zituen Saroe jauregiko jabeak, Luisa Lopez de Samaniego y Soroak, Federico Zappinoren alarguna zenak.

Joakin Salsamendi, etxeko aitona, Bizkarran 1878an jaio zen eta Ibarrolatxikiko alaba Maria Arrutirekin ezkondu zen. Sei seme-alaba izan zituzten: Domingo, Bixente, Atanasio, Joxe, Maria eta Alberta. Bixente, 1904ean jaioa, gelditu zen etxerako; Zubietako Zuasti baserriko alaba batekin ezkondu zen, Eusebia Arregirekin, eta lau seme-alaba izan zituzten. Gaur, baserrian Salsamendi familia bizi da, eta baserriko jardueran segitzen dute hiru behirekin. Esnea Iparlati ematen diote. Egun, ukuiluan behi gutxi izan arren, garai batean Bizkarra oso baserri oparoa zen, 14-16 abelburu baitzituzten. Gainera, idi parea izan zuten beti. Morroi bat ere beti bizi izan da etxe honetan.

Bixentek bere bizitza osoan baserrian besterik ez zuen lan egin. Mariak, berriz, esnea ematen zuen Kaleberrira. Berak ematen zuen esnea Erretore-etxera, Larrañagara, Juan Iraola albaiteroari, …eta beste askori. Etxe honetan ere paradako zezena egoten zen, oso ezaguna eta arraza onekoa, eta beti Diputazioko zigilua zuena. Baserri batean behi bat “susa” jartzen zenean, paradako zezenarengana eramaten zen honek estal zezan. Kalezarren dagoenez, Bizkarra baserria bertako ermandadeko kide zen. Kontzeju edo Makatzanea deitutako etxean biltzen ziren.

Baserriaren lotutako argazkiak: