Buenabista


Buenabista baserria Ibarrola baserrietatik hegoaldera dago. 1864koa da bere lehenengo aipamena: “Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa” zerrendan Udaletxetik 1.900 metrora kokatua dago. Gaurko baserri-eraikuntza XIX. mendekoa da.

Egiguren familia bizi da bertan. Frantzisko Egiguren Zubietako Barrenetxebekotik etorri zen Buenabistara, baserria erosita. Angela Lizarragarekin ezkondu zen. Portaleza baserritik etorria zen Angela, baina familia Urdaiagako Ermotegiaundikoa zuen. Klaudia izeneko alaba izan zuten. Frantziskori emaztea hil egin zitzaion ordea, eta berriro ezkondu zen, Aizarnako Itziraaundiko alaba Agustina Odriozolarekin. Miren deitutako beste neska bat izan zuten. Klaudia gelditu zen etxean, eta Kalezarreko Kontzejuko seme Antonio Makazagarekin ezkondu eta 10 seme-alaba izan zituzten, sei mutil eta lau neska. Etxean maiorazko Juan Mari gelditu zen, baserriko gaurko nagusia. Juan Mari, Maria Jesus Begiristain Azpeitiko Miranda baserriko alabarekin ezkondua da, eta lau seme-alaba dituzte.

Buenabista, bere izenari ohore egiten dion baserri ederra da, bista ikusgarriak dituen leku ireki batean baitago, gain zabal baten gainean.

Lehen, lau edo sei abelburu izaten ziren baserri honetan, eta gaur bost-zortzi larre behi dituzte.

Baserriaren lotutako argazkiak: