Daldagorri


Aginagako erdigunean, San Frantzisko elizatik iparraldera dago Daldagorri baserria, historian zehar Aginagako etxe garrantzitsuenetakoa izandakoa.

XVI. mendean eraikitako oinetxe hau 1910 inguru arte etxe bizitza bakarrekoa zen. Ditugun erreferentzien arabera, zurezko egitura zuen osorik, seguruena, XVI. mendeko jatorrizkoa. Geroztik, baserria osorik eraberritu eta hormigoiaz berregin dute. Aginagako Komunitateko partaide da.

Aspaldikoak dira etxe honen izenaren aipamenak:

Juan de Ondaldagorri izena 1499an aipatzen da, Usurbilen egin zen lehenengo erroldan.

1573an Nicolas de Ondaldagorri zen etxearen jabea.

1605ekoak dira ezagutzen ditugun etxearen aurreneko aipamenak. Hasiera batean “Ondaldagorri” deitzen zaio. Geroago, 1625ean, Lope Martinez de Isastik “Aldandagorri” izeneko oinetxea aipatzen du Usurbilen. Gaur egun, “Galdagorri” deitzen zaio etxe honi, eta bertakoek izen zaharra “Lokaztegi” dela diote.

1639an Joanes de Ondaldagorri aginagarrak, Zorrotzeko zubia konpontzeko eskatzen dio Usurbilgo Kontzejuari. 1642an ere aipatua da: lau dukat eman zituen erregearentzat, “donativo graçiosso” gisa Gipuzkoako Batzar Nagusiek aginduta.

1659an Gracia de Ondaldagorri eta Maria de Ondaldagorri errotariak ziren, bata Urdaiagako Errotaberrin, eta bestea berriz, Lasaon.

Bestalde, 1669an Joanes de Ondaldagorri, lehen aipatutako bera, Irazabal (Igartzazabal) etxearen jabe gisa aipatzen da.

XVII. mendearen bigarren erdian, Isabel de Ondaldagorri, Donostiako Ibaetako Zubimusu oinetxeko alaba, Donostiako Lugaritz oinetxeko maiorazkoarekin ezkondu zen. Andere hau seguru asko, Aginagako etxe honetako ondorengoa zen. Domingo de Lizasok dioenez, Ondaldagorri deitutako beste oinetxe bat ba omen zen Zestoan.

Antonio de Ondaldagorri, 1611n jaioa eta Usurbilen bizi zena, 1680an aipatzen da epaiketa batean lekuko gisa aitortzen.

1784an “Ondaloagorri” izena aipatzen da, eta 1886an, berriz, “Aldaldagorri”.

Gaur Daldagorri bi etxebizitzako baserria da. Ekialdekoan Orbegozo Salsamendi familia bizi da. Martzelino Salsamendi Iribar, Aiako San Pedroko Olazabalaundiko semea, Maria Klara Azurmendi Iturriozekin ezkondu zen. Maria Klara Daldagorrin jaioa zen, baina gurasoak Ibarrakoak zituen. Bost alaba izan zituzten: Bittori, Maria, Fermina, Izaskun eta Mª Teresa. Gazteena, Mª Teresa, “aingerutxo” hil zen. Beste lau ahizpetatik zaharrena, hau da, Bittori, maiorazka zenez, baserrian gelditu zen nagusi. Migel Orbegozo Iraolarekin ezkondu zen. Migel Urrestillako Aizmendi baserriko semea da. Bittori eta Migel senar-emazteek zazpi seme-alaba hazi dituzte. Lehen sei edo hamar buru bazituzten, gaur berriz, hamalau eta hogeita bi buru bitartean hazten dituzte. Esnea beti esneketariei eman diete, lehen aiarrei, gaur, Iparlatek jasotzen du. Bittorik “tratua” (barazkiak, fruta…) urte askotan Donostiako Bretxara eraman izan du. Autobusa jarri baino lehen, karretila hartu eta Txokoaldeko geltokira joaten zen goizeko 6:30etako trena hartzera; gero 11:30etan itzultzen zen. Aginagako behealdean famili honek tinko eusten dio betiko baserri lanari. Baserria Maria Klararen gurasoak ziren Ignazio Mari Azurmendik eta bere emazteak, Joakina Iturriozek, erosi zuten, eta geroago erdia saldu egin zuten.

Galarraga-Uzkudun familiak erosi zuen, mendebaleko etxebizitzan bizi den familiak, hain zuzen ere. Errezildik etorri ziren Galarraga-Uzkudundarrak, eta ordutik Daldagorrin bizi dira. Gaur ere mantentzen dituzte behiak ukuiluan. Etxe honetan, orain dela 20 bat urte arte, perraleku handi bat zegoen. Hona etortzen ziren inguruko baserritar guztiak, eta Kalezarreko Esteban errementaria aritzen zen perratzen.

Baserriaren lotutako argazkiak: