Eiza


Aginagako erdigunean dago, San Frantzisko eliza zaharraren ondoan.

Eiza oinetxeak dirudienez, gaur Aginagako apaizetxea aurkitzen den inguruan zeuden. Sute batek erre zituen etxe haiek, eta badirudi, ordurako Zatarain familiak erosiak zituela. Bi etxe berri altxa ziren erretakoak ordezkatzeko: Eizaazpi eta Eiza edo Eizazar. Lehenengoak hartu zituen Eiza etxearen lurrak. Eiza, berriz, lurrik gabe gelditu zen kale etxe bihurtua.

Asentxio Elustondok dioenez, Catalina de Arpide eta Miguel de Celayandia ziren “Heiça de Suso”ko jabeak 1573an.

“Eiza” izeneko oinetxea 1625ean aipatzen du Lope Martinez de Isasti historialariak, “Compendio Historial de Guipúzcoa” lanean. Litekeena da etxe honetaz aritzea.

1864an “Eizaberri” etxea agertzen da “Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa” zerrendan. Badirudi urte hartarako Eiza zaharra errea zela.

Furundarena familia bizi da Eizan. Denda-estankoa da gaur egun. Lehen ere taberna izana da, “betidanik”, 1936ko gerra aurretik ere bai. Frantzisko Furundarenak eta Pantxika Atxega emazteak bizpahiru behi edukitzen zituzten, baita paradako zezena ere, etxe honetan biltzen baitzen Aginagako baserritarren San Frantzisko Ermandadea. Frantziskoren eta Pantxikaren Agustin semeak eman zion jarraipena etxeari. Agustin tabernaria, barberoa, organista, entierro arduraduna, kooperatibako arduraduna, eta ermandadeko listero zen, oso gizon maitatua. Bera hil zenean, baserritar ermandadea Pikabeanera pasa zen. Agustinen emaztea Lorentxa Begiristain zen, Aginagako Lertxundi baserriko alaba. Erizain eta emagin gisa laguntzen zion D. Justo Alsua Usurbilgo medikuari. Lorentxa oso sukaldari ona zen, eta bere senarra bezalaxe, oso maitatua Aginagan.

Etxe honetako seme bat, Joxe Mari Furundarena Begiristain, 1936an Tolosan fusilatu zuten faxistek, 21 urterekin. EAJkoa, oso mutil gazte zintzoa zen, eredugarria, auzoko jarduera guztietan parte hartzen zuena. Garai triste eta beldurgarri haietan inguruko norbaitek salatu zuen faltsuki, arrazoirik gabe. Familiak, Aginagako festetan, hain zuzen ere 1936ko San Frantzisko egunean, jakin zuen beren semea Tolosan fusilatu zutenaren berria.

Behiak 1940 aldean kendu zituzten.

Familiak 1995 inguruan erosi egin zien etxea lehengo jabeei, hau da, Zatarain familiari.

Baserriaren lotutako argazkiak: