Elor


Elor Asteasuainaundiren lurretan eraiki zen, XX. mendearen hasieran, behitegi gisa erabiltzeko. Gain zabal batean dago. Gaur Elorrena den lursaila, lehen, Asteasuaingo mendia deitzen zen. Pinudiak landatu ziren hemen, eta lehengo izen zaharra Elorko pinudia izenak ordezkatu zuen. Gaur, pinudiak desagertuta, Elor esanda ezagutzen da.

Etxalde hau Victorio Luzuriagak erosi zion Orueta familiari 1943an; hauena izan aurretik Joaquin Lizasoainena izan zen. Solchaga jenerala ere bertako nagusi izan zen, bi urtez. Gaur, berriz, nagusia Felix Garmendia da, eta Estatu Batuetako Kalifornian bizi da. Etxea hutsik dago. Elorko larreetan Zelaiaundi baserriko behiak ibiltzen dira garbitze alde.

Urte askotan zehar, Faustino Aranburu Luzuriagako atezain eta zaindaria bizi izan zen bertan.

Lehen, Oruetarena zen garaian, oso etxe polita zen. Jauregi itxurako etxe zahar hartan Frantzisko Ado, Hernaniko Naparralde baserriko semea, eta Klara Etxeberria, Lugaritz auzoko Barkaiztegikoa, bizi ziren maizter. Ado-Etxeberria senar-emazteek alde egin zuten, eta Nafarroako Doneztebeko senar-emazte batzuk etorri ziren, Joxe Mari Ziganda eta Maria Bereau. Horiek izan ziren Elor etxaldeko azken biztanleak. Luzuriagak erosi zuenean, etxe zahar hura bota egin zuen 1945ean.

Elorren apopilo ugari bizi izan ziren batera, haietako batzuen izenak honakoak dira: Juan Arzallus, Migel, Benito eta Joxe Arrospide, Pedro Maritxalar, Juanito Sansinena, Anizeto, “Joxe Aundi”, “Joxe Txiki”, Tomas eta Fermin Baztango Mugairikoak… Denak Elorren apopilo bizi ziren, eta Luzuriaga altzairutegian lan egiten zuten, eta ondoren, noski, Elor baserrian ere bai. Bertatik, ezkonduta alde egin zuten gehienek.

Baserriaren lotutako argazkiak: