Enbillenea


Agerre baserritik hurbil, iparraldera, belardiz inguratua aurkitzen da baserri txiki hau. Zalantzarik gabe, Agerreren banantze batetik sortua da, seguru asko, XIX. mendearen hasieran. Antza denez, Enbillenea izena Enbil abizena zeraman pertsona batengandik hartu zuen. Zenbait dokumentutan Agerretxipi izenarekin ere agertzen da.

1890ean, Roke Zabala eta honen emazte Maria Antonia Etxeberria bizi ziren Enbillene baserrian. 13 seme-alaba zituzten. Gazteena, Pedro Joxe, 1911n jaioa, gelditu zen etxean. Kalezarreko Txoperenetxiki edo Sarienea etxeko alaba zen Segunda Irureta Ibargoienekin ezkondu zen, eta lau seme hazi zituzten: Joxe Mari, Joxe Antonio, Praxku eta Pello. Joxe Antonio auto istripuz hil zen 1989an: Praxku eta Pello, berriz, beste istripu negargarri batean hil ziren: izan ere, etxeko belar-zuloan itota aurkitu baitzituzten etxekoek, 1991ko abenduaren 29ko ilunabarrean.

Gaur, etxean Joxe Mari semea bizi da, Ariztitxo deitzen den gain polit honetako baserri txiki eta txukun honetan.

Sei edo zazpi behi dituzte. Joxe Marik kontatzen du, lehen, 9-11 abelburu izaten zirela, eta idi pareak ere bai. Garai batean, morroia ere izaten zen baserri honetan. Urte haietan esnea Donostiara partitzen zuten; han joaten zen Maria Zabala, Pedro Joxeren arreba, astoarekin Txaparrenera, geltokira; ondoren, trenean Donostiara, esnea partitzera, zestera buruan jarrita. 40 litrotik gora esne eramaten zuen marmitetan. Bi pertsonek laguntzen zioten buruan zestera jartzen. Emakume gogorra zen Maria…

Baserriaren lotutako argazkiak: