Ermotegiaundi


Santuenea auzunean, Aialdenetik eta Atxeganetik oso hurbil dago, Puela, Urteaga eta Zubietara zihoan herribide zaharraren ondoan. Planta errektangularreko etxe hau, bi etxebizitzatan erditik zatitua dago gaur egun. Iparraldekoa, orain dela urte gutxi bota, eta osorik berregina dute. Hegoaldekoak, berriz, egitura zaharra mantentzen du; hormak harri eta manposteriaz eginak daude, eta XVIII. mendeko zurezko bilbapenak ditu hiru aurrealde edo fatxadetan. Ermotegiaundi Aginagako Komunitateko partaidea da, eta akzio bat dagokio aipatutako erakunde horretan.

Ermotegiaundi Urdaiaga eta Usurbilgo antzinako etxe zaharrenetakoa da. Badirudi bere izena antroponimo batetik datorrela; izan ere, zenbait izkribu zaharretan “Hermanotegui” izenarekin agertzen da.

1499an, Usurbilen ezagutzen den “gizon onen” (“homes buenos”) aurreneko erroldan, Miguel de Hermanotegui izena zuen pertsona bat aipatzen du Luis Murugarrenek. 1549an “Hermanotegui” izeneko etxea aipatzen da Usurbilen, eta seguru asko etxe horrexez ari da. 1573an, Magdalena de Sasoeta eta Joanes de Oria ziren “Hermotegui Handiko”ko jabeak. Lope Martinez de Isastik ere, 1625ean, Urdaiagako “Ermotegui Andia” oinetxeari erreferentzia egiten dio. 1642an, berriz, “Hermotegui” etxea aipatzen da Usurbilen. Geroago, 1663an, Zubietan izandako auzi batean “Hernioteguia” deitutako etxea aipatzen da.

1664an, aldiz, “Hermotegui” etxeko jabea zen Martin de Soroak bi dukat eman zituen erregearentzat “donativo graçiosso” gisa. 1704ko beste auzi batean, “Hermutegui el Mayor” etxea agertzen da. Urte horretan bertan, Pablo de Lersundi zen “Hermuategi” izeneko etxearen jabea. Pabloren aitak, Francisco deitzen zenak, baserria erosi zuen 1680an. Garai horretan Francisco de Aizega bizi zen maizter.

Duela urte asko, Ermotegiaundin Lizarraga familia bizitu zen. Hemendik, Txikierdi auzunean zegoen eta gaur desagertua den Portaleza baserrira pasa ziren bizitzera.

1920an, Joxe Antonio Maritxalar eta Trinidad Lertxundi senar-emazteak bizi ziren. Bautista izena zuen seme bat zuten. Santiago, Joxe Antonioren anaia ere, beraiekin bizi zen.

1943an Zabaleako Joxe Aizpurua eta Igartzazabaleko Joxepa Iribar senar-emazte ezkonberriak bizitzen jarri ziren.

Gaur egun, Ermotegiaundiren alde batean Maria Zubiria eta bere seme Moises Andres bizi dira, Kalezarretik etorriak. Baserriaren beste aldean, berriz, Joxe Mari Zubiria, Mariaren anaia, bizi da. Behiak 1992an kendu zituzten.

Baserriaren lotutako argazkiak: