Errasti


Aginagako erdigunean Soroa baserritik hurbil kokatzen da baserri hau.

XIX. mendean eraiki zuten dirudienez, 1815-1820 artean hain zuzen, Arpidegi baserri zaharraren lurrak bitan zatitu ziren garaian, eta Errasti eta Arpidegi edo Ezkerrenea etxeak sortu ziren. Errasti familiak berak eraiki zuen, eta beraiek dira gaur ere nagusiak.

XVIII. mendearen bukaera aldean, Aginagara etorri zen Azpeitiko Nuarbetik Jose Errasti, Josefa Antonia Atxega Mutiozabaleko alabarekin ezkondu zen, eta Aginagan bizitzen jarri ziren. Haien Joxe Migel semea izan zen Errasti eraiki zuena. Josefa Antonia Altuna Etxabe oriotarrarekin ezkondu zen. Hauen semea Migel Joxe Errasti Altuna -1846an Errastin jaioa Maria Concepción Manterola Iruretagoinea Galardigaraikoa baserriko alabarekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten: Eleuterio, Joxe Frantzisko, Joxe Antonio eta Maria. Eleuteriok, semerik zaharrenak, jarraitu zuen maiorazko. Haren anaia Joxe Antonio, berriz, Soroetxeberrira ezkondu zen. Eleuterioren emaztea Maria Josefa Zubeldia Lertxundi zen, Urdaiagako Oabea baserriko alaba. Zazpi seme-alaba izan zituzten: Maria, Concepcion, Migel Joxe, Antonio Mari, Jesus, Juan Mari eta Julian. Hirugarrenak -lehenengo mutilak- hartu zuen maiorazkoa, Migel Joxek, alegia. Emaztea, Nafarroako Arbizuko Fustarena baserriko Felisa Reparaz Flores zuen eta sei seme-alaba izan zituzten: Pedro, Eleuterio, Martin, Maria Karmen, Begoña eta Migel Joxe.

Errastin 20 abelburu eduki izan dituzte eta morroia ere bai. Familia garraio lanetan aritu zen batez ere, eta 1950 inguruan etxe berri bat eraiki zuten errepide nagusiaren ondoan, Etxebeste baserriaren aurrean. Urte haietan kendu zituzten behiak, eta baserri zaharra hutsa gelditu zen.

Baserriaren lotutako argazkiak: