Etxeberri


Errepide nagusiaren ertzean, Etxebeste eta Daldagorri baserrien artean dago baserri hau.

Luis Murugarrenek 1830 urtean aipatzen du Aginagako “Echeverri” etxea.

Etxeberriko jabea Klaudio Atxega Errasti zen. Daldagorriko Antonia Josefa Bereziartuarekin ezkondua, ez zuten familiarik izan. Horrela bada, bere senitartekoak ziren Joxe Antonio Bereziartua eta bere emaztea Modesta Maioz Balerdi etorri ziren baserrira. Joxe Antonio Daldagorrikoa zen eta Modesta berriz, Soroako alaba. Sei anaia ziren: Felix, Joxe Mari, Joxe Juan, Klaudio, Martzelino eta Tomas, eta bi hilabeteko “aingerutxoa” zela hildako beste arreba bat. Lau anaia kalera ezkondu ziren eta Martzelino gelditu zen baserrian. Gazteena, Tomas, ezkongabea, gaur 74 urterekin alarekin ibiltzen da angulak harrapatzen oraindik. Martzelino Bereziartua anaiarekin bizi da.

Martzelino Arburuko Pantxika Salsamendi Adurizekin ezkondu zen, eta hamar seme-alaba izan zituzten. Etxeberrin bost eta bederatzi abelburu artean izaten zituzten, eta etxeko bizimodua osatzeko, anguletan aritzen ziren, eta alak konpontzen eta berriak egiten. Martzelinok denborarekin arotz tailerra jarri zuen Etxeberrin. Han egiten ziren alak, gurdiak, etxeko arotz lanak… 1965 aldean kendu zituzten behiak, eta azkenik aroztegiarekin jarraitu zuten. Gaur egun, Etxeberri ez da jada baserria, eta bi etxebizitzatan zatitua dago. Martzelino Bereziartua eta Pantxika Salsamendiren seme-alabak bizi dira bertan.

Baserriaren lotutako argazkiak: