Zubietako erriberetako erdialdean dago, Lizarraga, Irurubieta eta Lertxundi artean. Etxeberri esaten zaio baserri honi. Aspaldi erre egin zen, eta seguru asko, berriz altxa zutenean bi etxebizitzakoa egingo zuten, eta bi maizter jarri. Etxeberriaga Zubietako Komunitateko partaide izan da beti. 1379an lehenengo aldiz aipatzen da etxe honen izena. Urte hartan, badakigunez, Zubieta zatitu egin zen Donostia eta Usurbil artean, eta Etxeberriaga Usurbilgo partean gelditu zen. 1495ean, berriz, “Domingo de Echeberriaga” izenekoa aipatzen da, oinetxeko jabe eta Zubietako Komunitateko partaide gisa, Aizpuruaren bi erroten erdia erosteko kontratuan. Jaun hau Usurbilen ezagutzen den 1499ko lehenengo erroldan ere azaltzen da.
1510ean, Domingo de Echeberria zubietarra, 1468an jaioa, lekuko ageri da auzi batean. 1517an, berriro, izen bera agertzen da, Oriako Itxiko lur eta ondasunen inguruko gatazkan. 1599an, Juanes de Echeberriaga izenekoa lekuko da Zubietako Komunitateko auzi batean. 1660an, Maria Perez de Echeberria Usurbilgo auzotarraren aipamen bat daukagu; San Salbatore elizako erretore izan zen Francisco de Echeberriaga zuen aita, 1615ean eliza berean konfirmatua. 1657an, berriz aipatua da. Urte hartan, Zubietako Santiago eliza Etxeberriagako lurretan eraiki zen.
Lope Martinez de Isastik 1625ean aipatzen du Echeverriaga izeneko baserria, Usurbilgo oinetxe gisa.
1674an, Bautista de Echeverria zen etxearen jabea. Horri dirudienez, Elizaldeko Saroeko Ignacio de Soroa kapitainak erosi zion. 1689an Soroak sortu zuen lokarrian aipatzen da: “La cassa de Echeverriaga sitta en la comunidad de Zubieta en lo que es jurisdicion de la dha Villa de Usurbil que yo compre y rehedifique enpartte con su guertta, manzanales, tierras de sembrar…”. Saroeko jabegoa izaten jarraitu zuen ordutik aurrera. 1891n Luisa Lopez de Samaniego Soroa zen jabea, eta andre horri erosi zioten baserria Urdanpilleta eta Alkorta familiek 1936ko gerra ondoren.
Baserriaren lotutako argazkiak:
- 1984. Etxeberriaga.
- 2001. Etxeberriaga.
- 1938. Demetrio eta Raimundo Urdanpilleta aita-semeak.
- 1940. Demetrio Urdanpilleta.
- Urdanpilleta Iparragirre familia: Demetrio Urdanpilleta, Karmen Iparragirre eta haurrak.
- 1960. Etxeberriagako zezena eusten, Raimundo Urdanpilleta.Atzean Demetrio Urdanpilleta.
- 1919. Etxeberriagako Alkorta Beloki familia 1-. Joakina (1872-1957). 2-. Bixente. 3-. Ixabel (1907-1997) Kale baserrira ezkondu zen. 4-. Joxe Migel. 5-. Frantzisko.
- 1932. Ixabel Alkorta Beloki eta Antonio Iparragirre Eguzkiza senar-emazteak.
- 1945. Kaleako Iparragirre Alkorta familia: 1-. Miren. 2-.Antonio Iparragirre (1901-1988). 3-. Ramon (1943-1998). 4.- Ixabel Alkorta (1907-1999). 5-.Arantxa. 6.- Jesus. 7-. Mirari. 8-. Joxe Frantzisko.
- 1983. Karmen Iparragirre Etxeberriagako atarian. Karmen, Kalea baserriko alaba Etxeberriagara ezkondu zen Demetrio Urdanpilletarekin.