Galardigoikoa oinetxea -“Etxezar”-, Galardiazpikoaren ondoan dago. Gaur, Galardigoikoa lau horma zati dituen hondakina da. Bi Galardiek, Goikoak eta Azpikoak, luzaro historia konpartitu eta gero, jabego bakarra izaten jarraitzen dute. Bi baserriak Aginagako Komunitateko partaide dira.
1625ean, Lope Martinez de Isastik Galardi izenarekin bi oinetxe aipatzen ditu Aginagan, Galardigoikoa eta Azpikoa hain zuzen.
Luis Murugarren historialariak “Galardi de Suso” aipatzen du 1642an. Murugarrenek berak, 1823an, “Galardi Garaicoa” izena aipatzen du berriz ere.
Joxe Juan Manterola, Galardigoikoan bizitu zen errepide nagusiaren ondoan dagoen Galardigaraikora, hau da Galardiberrira, pasa zen arte. Galardigoikoan XIX. mendearen bukaeratik ez da inor bizitu.
Historian zehar, etxe honen hainbat aipamen aurkitzen ditugu:
XVI. mendearen bukaera aldean, Galardi oinetxeko maiorazko eta jabe Martin Perez de Soroa Galardi zen, Maria de Arrillagarekin ezkonduta. Beren semea Juan de Soroa, Saroe oinetxeko jabe zen, eta Catalina de Irigoyenekin ezkondu zen 1621ean. Honela, Soroa abizena eta leinua Saroe Jauregira pasa zen. Haien alaba Maria de Soroa Galardi, berriz, Igeldoko Aristigieta oinetxeko maiorazko zen Domingo de Aristiguietarekin ezkondu zen.
1573an, Martin de Galardi aipatzen da “Galardi de Suso” etxeko jabe gisa.
1642an, Galardigoikoa etxeak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eskatuta, bi dukat eman zituen erregearentzat.
XVII. mendearen erdi aldean Galardigoikoa Francisco de Echeveste jeneralarena zen. Aipaatutako mendearen bukaeran, bere ondorengo bat, Geronimo de Echeveste, zen oinetxe honen jabe.
Berriro ere, 1659an, Juan de Soroa aipatzen da.
Galardigoikoa, Azpikoarekin batera, Ignazio Maria Etxaide Lizasoainena zen, hau da, Jon Etxaide Itarte idazlearen aitarena. 1965ean, bertan maizter bizi zen Agirre Mujika familiak erosi zituen bi baserriak.
Baserriaren lotutako argazkiak: