Goikoerrota


Txokoalde auzunetik hegoaldera, Erroizpetik behera datorren errekaren ondoan dago Goikoerrota. Bi solairu eta upelategia dituen etxe polita da. Harri eta manposteriaz egina, zur-bilbapenak ditu hegoaldera orientatua dagoen fatxada nagusian. Gaur ez da errotaren aztarnarik leku honetan. Etxe honen kokapena ikusita, bere ondoan dagoen Txankaerrotarekin batera, ura antepara edo ur biltegi beretik hartzen zutela dirudi. Gainera, inguru honetan Urdaiagako burdinola zegoen, burdin-zepa hondakinez betea baitago inguru guztia. Urdaiagako oinetxe eta jauregiko eranskin bat zen, honen burdinola -“herreria maior”- gisa agertzen da 1689an. Urdaiaga jauregia bezala, Elizaldeko Saroeko oinetxeko menpekoa zen.

Gaurko Goikoerrota baserria XVIII. mendean eraikia da, eta 1975 inguruan eraberritua. 1864ko “Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa” zerrendan “Goicoerrota” deitutako etxea agertzen da. Errota zen, eta errotaria bertan bizi zen.

1890ean, Frantzisko eta Balentin Kamino Arozena anaiak hemen bizi zirela dio Antxon Agirre Sorondok. Geroago, Aginagako Ezpalditxikiko Zubiria familiakoak jarri ziren bizitzen maizter.

Goikoerrotan jaioa zen Pilar Zubiria, Joxe Mari Muguruza Oñederra mendaroarrarekin, Aldatxako Joxe Muguruzaren anaia zenarekin ezkondu zen. Joxe Mari eta Pilarren semea, Bixente, gelditu zen baserrian, eta Aiako Altzolako Telleri baserriko Mari Kruz Agirrerekin ezkondu zen. Lau seme-alaba dituzte. Bixente gaztea zela, Goikoerrota Txankaerrotarekin batera erosi zuten gurasoek. Bi etxeengatik eta lau goldeko lur-sailarengatik 13.000 pezeta ordaindu zizkioten etxeen jabe zen Maria del Pilar Zappino y Barcaizteguiri, 1934an. Garai hartan, 13 urterekin, Bixente morroi joan zen Aginagako Ezpalditxikira, osaba-izeben etxera.

Hiruzpalau behi izaten ziren Goikoerrotan, 1985 inguruan kendu zituzten arte, bat izan ezik. Azken hau 1992 arte izan zuten

Baserriaren lotutako argazkiak: