Goikoetxea


Araetatik gora, Berridiko bidearen ondoan zegoen Usurbil dagokion baserri hau, mendiaren magalean. Gaur, bere arrastoak bakarrik gelditzen dira. Duela urte batzuk, dirudienez, erre egin zen.

1529an, baserria Zubietako Komunitateak erosi zuen, lur eta ondasun guztiekin. Horrela dio Joxe Ramon Zubimendik Zubieta, mila urteko herria liburuan. Saltzaileak, Lasarteko dorreko seme bat (Arano de Lasarte), eta bere emaztea Donostiako Latorre oinetxeko alaba (Latorreko markesa) ziren. Donostian bizi ziren. 150 dukat eta itsasontzi baterako mastak (Urdaiagako ontziolan egiten ziren hauek) ordaindu omen zituen Komunitateak.

1586ko auzi batean, Martin Perez de Goicoechea aipatzen da, lekuko gisa. Zubietan, 1534an jaioa zen. 1598an eta 1599an agertzen da berriro, Komunitateko beste auzi batean.

1681etik aurrera, maizterrak izan ziren bertan bizitzen: 1704an, Goikoetxean Antonio de Alza bizi zen maizter, sortzez adunarra, 1664an jaioa. 1724an, Antonio de Alza ageri da berriz ere aipatua, Goikoetxe baserriko maizter. 62 urte zituen. 1830ean Ignacio de Iparraguirre bizi zen maizter. 55 urte zituen.

Urdaiagako Zabaltxipiko Añorga familia izan zen urte luzeetan baserriaren jabe. Hauek Usurbilgo Udalari saldu zioten, eta haren lurretan Zubietako Lanbide Eskola eraiki zen.

1920ko erroldaren arabera, baserrian Izagirre familia bizi zen: aita Antonio Izagirre, 1844an jaioa, semea Ignazio Izagirre, 1880an jaioa, honen emaztea Dolores Artola, 1878an jaioa, eta hauen lau seme-alaba: Antonia, Martin, Antonio eta Fernando. Haien ondorengoak dira Asentxio eta Teresa Izagirre anai-arrebak.

Gaur, Asentxio Gaztañagan bizi da, Kaleberrin. Goikoetxean maizter bizi ziren, Añorga familiarena baitzen, eta Usurbilgo Udalak erosi zuenean, bertatik alde egin eta baserria erori egin zen. Baserria berriz altxatzeko saiakera egin zuten, baina lanak hasi eta bertan behera gelditu ziren, gaur arte. Lan haietako hormigoizko habe batzuk badaude oraindik.

Baserriaren lotutako argazkiak: