Intxuspe eta Lasao erreken artean dagoen gain zabalean dago Ibindos baserria. “Imindos” izenarekin agertzen da lehen aldiz aipatua, 1818an; 1864an, berriz, “Ibidos” baserria udaletxetik 1900 metrora kokatua ageri da, “Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa” zerrendan.
Ibindos XIX. mendearen hasieran eraikia da. Manposteriaz egina, harlanduz egindako ertzak ditu; egin zen garaiko jatorrizko neurriak mantentzen ditu eta ez du aldaketa nabarmenik izan.
Aranburuko semea den Tiburtzio Jauregik kontatzen du bere aitari entzuna ziola lehen Amezketatik artzainak etortzen zirela Ibindosera. Tiburtziok berak, aldiz, artzain idiazabaldarrak ezagutu ditu hemen: Joxe, Juan eta Modesto Elorza. Hiru anaia ziren, eta, kontatzen duenez, “lo egitera etortzen ziren, eta otordua gure ama Joxepak ematen zien, Aranburun, gure etxean. Ibindos, Urkamendi, Zumitzaga, Santsonenea, Arratzain eta inguruko larreetan ibiltzen ziren ardiekin, baita Atxega Jauregiko eta Hernaniko Zabalaga baserriko larreetan ere…”.
Ibindos baserria Errekondo familiarena da. Aspaldi Elizaldeko Arrueneberriko Asentxio Rekondo Bengoetxeak erosi zuen 1920rako jabe bezala agertzen da eta.
Baserriaren lotutako argazkiak: