Illunbe


Txokoaldetik hegomendebalera, erribera ondoko gain batean dago Illunbe. Izen esanguratsua da, leku “ilun” eta itzaltsua adierazten baitu, eta halakoxeko lekuan dago. Baserri-eraikuntza handia da (21 x 16,5 m); planta errektangularra, bi solairu eta ganbara ditu; bi ur-isuritako teilatua. Fatxada nagusia, ekialdera begira, harlanduz eta manposteriaz egina da lehen solairuraino; hortik gora, zurezko bilbapen polita dauka, eta zur tarteak manposteriaz beterik. Fatxadaren osaketa oso erregularra da, batez ere lehenengo solairua eta ganbarako leihoetan. Leiho hauek zurezkoak dira, eta teilatuaz eta pertsianez babesturik daude. Iparraldeko fatxadak harlanduz inguratutako ate bat eta leiho bat ditu. Hegoaldekoari erantsita, berriz, bi solairuko eraikuntza edo etxeorde bat dago, eta honen barruan burdinazko ardatza duen dolare bat dago. Dolare zorua, zurezkoa, eusten duten azpiko zurak -“azpi zumillak” deituak- sekzio handikoak dira.

Illunbe XVI. mendeko eraikuntza da. Aipatutako mendeko horma zati bat, bi habe eta garaiko leiho bat bere harrizko eserlekuekin mantentzen ditu oraindik.

XVII. mendean, beste habe sail bat gehitu zitzaion ekialdetik (gaur fatxada nagusia dena orduan eraikia izan zen). Garai berean bi etxebizitzako baserri bihurtu zen. Horretarako, oinarrietatik ganbararainoko horma sendo bat eraiki zen etxearen erdian.

Illunbe baserria ez da Aginagako Komunitateko partaide, baina betidanik Komunitateko partaideek dituzten eskubide berak ditu Irisasin. Horixe dio Jose Maria Mutiloa Pozaren “Roncesvalles en Guipúzcoa” lanean agertzen den 1805eko dokumentu batek: “…Iria y Andatza son de la Real Casa y Monasterio de Roncesvalles, que sin embargo de ser la pertenencia de dicha Real Casa tiene executariado derecho al goze de hierbas y aguas la universidad o barrio de Aguinaga y tambien la casa solariega de Illumbe que son miembros y de la jurisdicción de la villa de Usurbil…”.

Geroago, 1842an, lehenengo aldiz Estatuak Irisasi inkautatzen duenean, hark Illunbek eskubideak zituela Irisasin onartzen du: “…respetando las servidumbres o aprovechamientos de la Comunidad de Aguinaga, Casería de Illumbe y Casas del Puerto…”.

1866an eta 1891n berriro konfirmatzen dira eskubideak.

Illunbe Usurbilgo etxerik zaharrenetakoa da. Horrela bada, izen honen oso aspaldiko erreferentziak ezagutzen dira. Luis Murugarrenek dioenez, Machin de Ylumbe izena aipatzen da Usurbilgo 1499ko aurreneko erroldan. Autore berak berriro erreferentzia egiten dio Illunbe etxeari 1552an.

1566an, San Joan de Illumbek, Aginagako Illunbe etxeko semeak, Donostian auzotasuna zuen. Bestalde, 1598an, Domingo de Illumbe zen Usurbilgo alkate. 1600 inguruan, baserri honetako maiorazko eta jabea zen. Bere arreba Madalena, Elizaldeko Saroe oinetxeko Miguel de Irigoyen maiorazkoarekin ezkondu zen.

1625ean, Lope Martinez de Isastik “Yllumbe” oinetxea Urdaiagan lekutzen du.

1642an, Christobal de Yllumbek zortzi dukat eman zituen erregearentzat Gipuzkoako Batzar Nagusiek emandako agindua betetzeko. Zerga horri “donativo graçiosso” deitzen zitzaion.

1646an, Juanes de Zatarain eta Mariana de Lerchundi izenekoen arteko ezkontzan lekuko gisa Christobal de Yllumbe azaltzen da. Juanes Zubietako Irigoien etxeko maiorazkoa zen, eta emaztea, berriz, Zarauzko Elkanoko Lertxundi oinetxeko alaba.

1674an, “Yllumbe”ko sutegia aipatzen da.

1681ean, Domingo de Illumbe agertzen da lekuko gisa Zubietan izandako auzi batean. Izen bereko oinetxearen jabea zen Usurbilen. 1621ean jaioa zen.

1723an eta 1738an, Joseph de Balderrain aipatzen da Gipuzkoako Batzar Nagusietan Usurbilgo ordezkari edo prokuradore gisa. XVIII. mendean zehar, Balderrain familia bizitu zen Illunben. Familia honetako buruak izan ziren aipatutako mendean Irisasiko administratzaile kargua zutenak.

Jose Maria Mutiloa Poza historialariak dioenez, urte luzez administratzaile izan ondoren, dirudienez, bere alaba batek ordezkatu zuen Illunbeko Joseph Balderrain: Maria Josefa Balderrainek (edo Beldarrain). Hori 1804an hil zen, eta ordura arte Irisasi mendiko guarda izan zen Francisco Antonio de Zatarainek ordezkatu zuen, hau ere Illunben bizi zela. “Francisco Antonio de Zatarain, vecino de Usurbil y habitante en el caserío Illunbe hace presente al Iltmo. Cabildo que los antecesores y dueños del referido caserío corrieron tiempos pasados con la administración de los montes y terminos de la Real Casa; pero habiendo recaido sin duda la casa de Illumbe en mujeres y no poder atender debidamente la administración, paso esta a otras manos, pero ahora que ha muerto el ultimo administrador recurre a recordar los meritos de sus antepasados y pide que se conceda la administración. Francisco Antonio de Zatarain” dio orduko agiri batek. 1804ko abuztua zen. Horren ondoren Jose Antonio Zatarain izan zen administratzaile 1820an.

1839an, ostera beste Balderrain batek hartu zuen administraritza, Maria Serafina Balderrain alargunak alegia, eta aurrekoak bezala, Illunbekoa. Azkenik, 1855ean, Juan Maria Zatarain zen administratzailea, baina hau garai horretarako Urdaiagatorren bizi zen.

Gaur, Illunben bi familia bizi dira: Iribartarrak iparraldeko erdian, eta Aginagatarrak hegoaldeko beste erdian.

Iribar eta Aginaga sendiak ahaideak dira beren artean, biak Santueneko Urteaga baserritik etorriak, eta egun baserri horretakoa den Iradi familiaren lehengusuak.

Illunben jaioa da Andres Iribar Ikuza, eta emaztea, berriz, Juana Zapirain Lizaso du, Lartzaundietako alaba. Baserriaren iparraldeko erdiaren jabeak dira, eta bertan bizi dira beren seme-alabekin. Behi gutxi izaten ziren baserri honetan, sei edo zazpi buru, Andresek Michelinen lan egiten baitzuen. Gaur, bi behi mantentzen dituzte.

Baserriaren beste erdiaren jabeak Joxe Aginaga Begiristain eta bere emazte Kontsuelo Ibargoien Alzaga dira, azken hau Olarrondozarreko alaba. Hamahiru abelburu izaten ziren alde honetan. Joxe 1998an hil zen, eta familiak garai horretan bertan kendu zituen behiak.

Baserriaren lotutako argazkiak: