Iruin esanda ezagutzen den baserri hau Etxenagusi, Petritza eta Lizarraga baserriak dauden inguruan dago, Arbitzaren azpialdean.
Irigoien XVI. mendeko eraikuntza zen, baina baserria erre egin zen, XIX. mendean seguru asko. Eraberritu egin zuten orduan, eta bi etxebizitzatan zatitu, erdiko horma handi baten bidez. Izan ere, hasiera batean, Irigoien etxebizitza bakarreko etxea zen. Gaur, Astiazaran familiarena den aldean (egutera aldean) XIX. mendeko zurezko egiturak mantentzen dira. Aurrealde ederra dauka, XVIII. mendekoa, harlanduzko ateburu eta leihoekin, eta erdian, Irigoiendarren armarria. Baserriaren beste aldea (ospelaldea) hiru etxebizitzatan zatitua dago, eta galdua du jatorrizko egitura, hormogoiz egina dago. Baserri hau Zubietako Komunitateko partaidea da.
Irigoiendarren leinua, beraz, oso antzinakoa da Zubietan eta Usurbilen. Oinetxe nagusi honetako ondorengoak Usurbilgo beste oinetxe batzuetara pasa ziren ezkontzaz.
Irigoienen antzinako erreferentzia ugari dira. 1379an aipatzen da lehen aldiz Irigoien baserria. Urte horretan Zubieta Donostia eta Usurbilen artean zatitu zen, eta baserri hau Donostiari lotuta gelditu zen ordutik. Bestalde, Juanes de Irigoyen, 1450ean jaioa, Atxegako jauna eta Irurubieta familiaren arteko auzi batean aipatzen den izena da; eta geroago, 1495ean, Zubietako Komunitatearen erroten salmenta kontratuan Johan de Yrigoyen izena agertzen da.
Usurbilen ezagutzen den lehenengo erroldan, 1499koan, Machin de Yrigoien azaltzen da.
Ramus de Irigoyen, berriz, 1517an aipatzen da: beste zubietar batzuekin batera auziperatu zuten Oriako Itxia deitzen den inguruan zubietarren lur eta ondasunen inguruko gatazka zela medio. Tomas de Irigoyen, bestalde, baserriko maiorazko eta jabea, 1560an jaio eta 1640an hil zela dakigu.
1530 inguruan, Domingo de Irigoyen, Elizaldeko Saroe oinetxeko Maria Miguel de Saroerekin ezkondu zen. Handik aurrera, Irigoien izan zen hango abizena, Soroatarrak XVII. mendean Saroen sartzen diren arte.
1566an, Tomas eta Martin Un de Irigoyen izenekoek, auzotasuna zuten Donostian. Zubietako Irigoiengo ondorengoak ziren. Urte berean, Martin de Irurain (Iruin?) zubietarrak ere bazuen Donostian auzotasuna.
Maese Domingo de Irigoyen y Echenagusia, Irigoiengo jabea, 1563an, Catalina de Lasarte-Amasorrain y Goyaz andrearekin ezkondu zen, Lugaritz auzoko Amasorrain oinetxeko alaba zenarekin. 1586an ere, badago Ayzpuru Irigoyen etxearen aipamenik: etxe honek lur batzuk zituen Artutxa baserriarekin auzo. 1598an eta 1599an Domingo eta Juanes de Irigoyen izenak agertzen dira Komunitateko auzi batean, Joanes de Aizpuruaren aurka. Azken horrek Aizpuruko errota alokatua zuen. Dakigunez, errotaren jabeak Zubietako Komunitatea eta Aizpurua oinetxea ziren, erdibana.
1615ean, Tomas de Irigoyen (Irigoiengo jabea eta maiorazkoa) zen Zubietako zinpeko buru edo alkatea. Bere alaba zaharrenak, Maria de Irigoyenek, hartu zuen oinordekotza eta Aiako Zatarain oinetxeko seme batekin, Sebastian de Zatarainekin, ezkondu zen. Horrela bukatu zen Irigoyen leinu zaharra, eta sartu zen Zatarain abizena etxe honetan. Delako Sebastian hau, 1652an Zubietako Komunitatean batzarkide zen.
Lope Martinez de Isastik aipatzen du Irigoyen izeneko oinetxea, Usurbilen, 1625ean.
1663an, Juanes de Zatarain, Sebastianen semea, Irigoiengo maiorazko eta jabea zen. Emaztea Maria Estevan de Belaunzaran zuen. Emakumearen herrian, Andoainen, ezkondu ziren aipatutako urtean. Urte luzez, Juanes Irigoiengo nagusi izan zen. 1732an, andrea ordurako hila zela, oinordekotza izen bera zuen Juanes semeari utzi zion. Juanes de Zatarain gaztea, Maria Rosa de Aizpurua Echeveste andrearekin ezkondu zen. Maria Rosa Aginagako Etxebeste oinetxeko alaba zen. Ezkontza hitzarmena neskaren etxean egin zen 1721eko uztailaren 22an. Seme bat izan zuten, Geronimo de Zatarain, 1739an Irigoienen jaioa.
Martin de Zatarainek, 1703an, Urnietan kaparetasuna frogatu zuen. Horretarako, hainbat lekuko eta dokumentu aurkeztu zituen, Irigoien etxeko idatzi zaharretan agertzen denez.
1796an, aldiz, Juan Ignacio de Zatarain, aurrekoen ondorengoa, zen baserriaren jabea.
Zatarain familiak baserriaren iparraldeko erdia saldu egin zuen. Geroago, Irigoien baserriko alaba, Ana Josefa Zatarain Irure, Jose Antonio Astiazaran Arsuaga aiarrarekin ezkondu zen. Lau seme-alaba izan zituzten: Jose Antonio, Maria Dominika, Domingo eta Maria Klara. Gurasoak hil zirenean, Domingo gelditu zen baserriarekin.
1869an dagoeneko, baserria zatitua zegoen; hau da, bi jabe zituen, biak zubietarrak: Domingo Astiazarain eta Jose Maria Añorga. Bigarrenak, Arbitza ere berea zuen. 1875ean, berriz, Antonio de Astiazaran zen Irigoieneko erdiaren jabea. Komunitateko diruzain kargua bete zuen 1869tik aurrera.
1880ean Irigoienen jaiotako Domingo Astiazaran Zatarain izan zen ondorengoa, Martina Etxabe Gesolagarekin ezkondua.
Eraikuntza berri bat egin zuen baserriari erantsita. Bertan etxebizitza, dolarea eta sagardotegia jarri zituen. Beraien seme Martin Astiazaran Etxabe, Rosa Lasa Landarekin ezkondu zen, Lasarteko Sasoetatxikiko alabarekin, eta hiru seme-alaba izan: Domingo, Juan Ignazio eta Rosa Mari. Behiak 1975 inguruan kendu zituzten. Aizpuruaren sagardotegiarekin batera, sagardotegi ospetsua izana da Irigoien, bai Domingoren garaian, baita gaur ere. Gaur, lehengo sagardotegi hura jatetxea da, eta ondoan beste sagardotegi bat egin zuten, orain dela urte batzuk. Irigoien zaharrean, jabeek jarraitu dute bizitzen orain dela gutxi arte: Rosa Lasak, bere alaba Rosa Mari Astiazaranekin eta bilobarekin.
Baserriaren beste erdia Modesta Mujikak erosi zion Zatarain familiari. Modesta Mujika Gregorio Barriola lizartzarraren emaztea zen. Horiek eraiki zuten Zubietan Iturralde baserria, haraxe joan ziren bizitzera, eta Irigoien saldu egin zuten. Aiako Artzubi baserriko Jose Frantzisko Iruretagoienak erosi zuen orduan. Haren emaztea Maria Pilar Etxabe aiarra zen. Irigoiena hiru seme-alabekin etorri ziren: Antonio, Juana eta Mariarekin,. Antonio Altzagako Konzepzion Lizasorekin ezkondu zen; Juana, berriz, Beizamako Ignazio Ezeizarekin; Maria, Manuel Arroyo donostiarrarekin.
Manuelen ama Zubietako maistra zen. Maria Alberdi deitzen zen, azpeitiarra. Alamandegiberrin eman zituen eskolak, 1936ko gerra ondorenetik 1962ra arte. Iruretagoiena familiak baserri jardueran jarraitzen du: 15 behi, txerriak-eta izan dituzte orain gutxi arte; orain, 100 ardi baino gehiago dituzte.
Baserriaren lotutako argazkiak:
- 1950. Irigoien.
- 2001. Irigoien.
- 1915. Domingo Astiazaran Zatarain eta Martina Etxabe Gesolaga senar-emazteak.
- 1910.Astiazaran Zatarain ahizpak, eserita dagoena Maria.
- 1931. Domingo Astiazaran Zatarainen ehiza baimena.
- 1930.Antonio Astiazaran Etxabe. (Irigoien).
- 1929an Santiago Lertxundi Goia Irigoiengo morroia zenari Domingo Astiazaran bere nagusiak aseguru bat egin zion. Horretarako Santiagoren bataio ziurtagiria eskatu zuen.
- 1935. Irigoiengo ataria.Astiazaran Zatarain Etxabe familia.
- 1950. Irigoiengo ataria. Martin Astiazaran Etxabe eta Rosa Lasa Landa ezkontza egunean. Inguruan familia.
- Nortasun Agiriaren aurretik “Cédula personal†deituriko dokumentua erabiltzen zen. Ezkongabeak “Recargo de soltería†izeneko zerga ordaindu behar izaten zuten.
- 1936an eta ondorengo lau urteetan herritik ateratzeko beharrezkoak ziren horrelako baimen dokumentuak.
- 1909an Irigoien baserrian izenpetu zen dokumentu bateko sinadurak Zubieta eta Usurbilgo gizon ospetsu batzuenak dira.
- 2001. Irigoiendarren armarria baserriko aurrealdean.
- 2001. Irigoien baserria. Ezker aldean: Sorondo.