Irurubieta


Irurubieta Zubietako erriberetan dago, Oria ibaiaren ertzean, Learritza edo Legarritzagako irla luzearen mutur baten parean. Irubita deitu ohi zaio. Izenak, leku honetan ibaia gurutzatzeko hiru pasabide edo ibi daudela adierazi nahi duela ematen du.

Dokumentu zaharretan gehien azaltzen diren aldaerak Iruzubieta eta Irurubieta dira. Baserri honetaz ezagutzen den lehenengo aipamena 1379koa da. Usurbila pasa zen, Zubieta Donostia eta Usurbil artean zatitu zenean. Irurubieta Zubietako Komunitateko partaide zen, akzio erdi batekin.

Errota izan zen, eta Irurubieta familiarena zen. Atxegako jauntxoak errotaren makilaren heren bat berea zela erreklamatzen zuen ordea, eta hori zela eta, auzi luze bat izan zen 1508-1516 urteetan. Valladoliden izan zen auzi hura, eta Atxegak irabazi zuen. Garai hartan, Juan Gonzalez de Yrurubieta eta Maria de Irigoyen ziren baserriaren jabeak. Irigoiendarrez gainera, Irurubietatarrak Atxega, Paris eta Lasarteko Sasoetaren ahaide ziren.

Irurubieta oinetxea zen 1413an, eta XV. mendearen erdialde arte Yrurubieta izeneko sendia agertzen da baserriko jabe. Honako pertsonen aipamenak ageri dira antzinako agirietan: Miguel Gonzalez de Irurubieta, 1470ean hila; Nafarra de Yrurubieta (Miguelen arreba), 1468an jaioa; Miguel Sanz de Yrurubieta (Juan Gonzalezen aitona). 1491n, Juan Ybañez de Yrurubieta aipatzen da. Martin Gonzalez de Achega zen Irurubietako jabea 1413an. 1510ean, Maria Martin de Irurubieta Zubietan bizi zela aipatzen da.

1517an, Juan Gonzalez de Irurubietaren aipamen bat ageri da, beste zubietar batzuekin batera, Oriako Itxia inguruko zubietarren lur eta ondasunen inguruan, Juan de Lasarteren aurkako auzi bat zela eta.

Juan Gonzalez horixe eta bere aitaginarreba zen Juan de Yturubieta, Usurbilen ezagutzen den lehenengo erroldan azaltzen dira 1499an.

Lope Martinez de Isastik “Yurubieta” izeneko etxea aipatzen du, Usurbilen, 1625ean.

1663an, 1666an eta 1678an Joanes de Celayandia zen jabea, eta baserrian bertan bizi zen. 1660an eta 1681ean Alonso de Irurubieta aipatzen da, Zubietan 1617an jaioa; Usurbilen bizi zen.

1700ean etxea erre egin zen, eta eraberritu egin zuten. XVII. mendearen bukaeran saldu egin zuten baserria, eta bi zati egin. Erdibana erosi zuten Zubietako Komunitateak eta Josseph de Yrarreta Zubiaurrek. Garai hartatik, gaurko etxe berria egin den arte, Irurubieta bi etxebizitzako baserria izan da.

1869an, Zubietako Goiarango Antonio Goya zen etxe erdiaren jabea. Horrek Oriako oihal fabrikako Brunet familiari saldu zion. Aldiz, beste aldea Irigoiengo Astiazaran familiarena zen, eta horrek Zubietako Aizpurua oinetxeko familiari saldu zion. Hortaz, bi familia bizi ziren garai hartan, maizter: Huizitarrak eta Martijatarrak. Baserria uholdeek harrapatzen zuten beti, eta maizterrek alde egin zuten horregatik. Hutsik geratu ondoren, erori egin zen. Zur onak mantentzen zituen (XVI. mendekoak), hala ere, orain dela gutxi arte. 1998an, gelditzen ziren hondakinak bota eta berreraiki egin zuten osorik. Antzinako etxea baino askoz txikiagoa egin zuten. Bertan, Pello Aranburu eta Reyes Leiva senar-emazteak, hiru seme-alabekin bizi dira gaur.

Martin Huizi Karrera, Araetan jaio arren, Irurubietan bizi izan zen. “Nik sei urte nituela -dio berak- joan ginen Irubitara bizitzera, gure aita Joxe Ramon, ama Manuela eta bost haur: Anjel, Konsuelo, Ignazio, Maria eta neu. Araetatik joan ginen familia guztia, beraz, Donostiako partetik bost anai-arreba, Donostian jaioak gaituzu. Irubitan jaio ziren beste bost: Amalia, Juanita, Antonio, Joxe Manuel eta Mikeli. Horiek usurbildarrak dira; badakizu, Irubita Usurbilgo partean dago. Maizterrak ginen, Oriako Brunet zen nagusia. Baserri lanean aritzen ginen, eta hiruzpalau behi genituen. Gure ama Manuela egunero joaten zen Donostiara, San Martin plazara. Astoarekin Lasartera, eta gero tranbian Donostiaraino. Nik ezagutu nuen kostako trena pasatzen etxe aurretik; Irubitan apeaderoa zuen. Nik merkantziak bakarrik ezagutu nituen, baina nire anaia Anjelek ezagutu zituen jendearen bagoiak ere. Lasarteko Urretaren ladrilu fabrikako materialak izaten ziren merkantzia”.

“Ageda Tolosarekin ezkondu nintzen -jarraitzen du kontatzen Martin Huizik-. Urnietako Basarri edo Urruzenea baserrian jaio zen. Buruntza aldean zegoen etxe hori. Familia Usurbilgo Esperantza baserrira etorri zen. Orain bizi garen etxea -Zelaiarte- 1954an egin genuen. Eta Irubitatik hona etorri ginen bizitzera. Lau seme-alaba izan ditugu”.

Baserriko beste etxebizitzan, Joxe Domingo Martija bizi zen. Ignazio Mari Martija zuen aita, Itziarren jaioa eta Añorgara lanera etorria. Irurubietako alaba zen Josefa Iparragirrerekin ezkondu zen. Hasieran Lugaritz auzoko Unanuezar baserrian jarri ziren bizitzen, eta hilabete batzuk Unanuen egin ondoren, Irurubietara etorri ziren bizitzera. Hemen hazi zituzten hamaika seme-alaba. Joxe Domingo seigarren semea da. “Jende asko ginen etxean”, esaten du Joxe Domingok. Eta behin seme-alabak koskortuta, 15-16 urterekin, kanpora lanera joan ziren denak: Añorgara, Luzuriagara, Michelina… “Denak etxera bueltatzen ginen aita eta amari laguntzera. Maizterrak ginen: Zubietako Daniel Aizpurua zen nagusia. Bagenituen sei behi, idi parea eta lauzpabost txekor. Horrela jarraitzen zuen bizitzak”.

“Koro Tolosarekin ezkondu nintzen -jarraitzen du Joxe Domingok-, Donostiako Parte Zaharrekoa da. Irubideko bileran ezagutu genuen elkar. Hara joaten ginen usurbildar eta aginagar guztiak. Ezkondu, eta baserrian bizitzen jarri ginen, Irubitan, eta beti uholdearen beldur! Izugarriak izan ziren 1953an: sukaldean hiru metro altuera hartu zuen urak. Ikaratu egin ginen orduan, eta gaur bizi garen etxea egin genuen, Irubitaberri”.

Baserriaren lotutako argazkiak: