Iturralde


Zubietako elizatik Aliriko zubi alderako bidearen eskuin aldean dago Donostiari dagokion etxe hau. Baserria, etxe ondoan bertan jaiotzen den iturri baten aldamenean dago. Aspalditik, Zubietako jende ugari joaten zen iturri horretara. 1869an, Iturralde eraiki zutenean, lur hauek Irigoien baserriarenak ziren. Urte horretan egindako Zubietako plano zahar batean, Iturralde etxea eraikuntza lanetan ari direla agertzen da.

1900 aldera, Gregorio Barriola Agirre eta bere emaztea Modesta Mugika Añorga ziren baserriaren jabeak, eta bertan bizi ziren. Gregorio Barriola Lizartzakoa zen jaiotzez, eta Irigoien baserriaren erdia berea zuen. Horregatik eraiki zuten Iturralde Irigoienen lurretan. Gregorioren emaztea, Modesta, Txakurtxulon jaioa zela dirudi, eta etxe horren jabea zen. Bost seme-alaba izan zituzten, hiru neska eta bi mutil: Rosalia, Trinidad, Justa, Juan Joxe eta Joakin. Juan Joxe apaiza zen, eta Joakin, berriz, eskultorea.

Gregorio 100 urte betetzeko egun gutxi falta zituela hil zen, eta Modesta ere hil zenean, baserria hutsik geratu zen. Ordu arte, baserri-jarduera izan zen Iturralden. Baserriaren jabe Trinidad gelditu zen. 20 urterekin, Arabako Zalduendo herriko Luis Ruiz de Oñarekin ezkondu zen. Horien bi semek, Jose Ignaziok eta Jose Luisek, 1972an etxea guztiz eraberritu zuten. Gaur astebukaerako etxe gisa erabiltzen dute.

Baserriaren lotutako argazkiak: