Txikierdiko goialdeko muino baten gainean dago Itxaskue -Bulano izengoitiz- bere lur zabalekin. Itxaskuerenak ziren Andrenagusi eta Portaleza baserriak, eta gaur ere bigarrenaren lurrak bereak dira. Baserri honen lehenengo aipamenak 1462koak dira: Jesus Mª de Arozamena idazle donostiarrak, bere lanetan, Pedro Martinez de Ichascue aipatzen du, Donostiaren historian ezagutzen den lehenengo alkatea izandakoa. Bestalde, 1491n, Sebastian de Ichascue eskribau izan zen Donostian. Martin de Ychascue Luis Murugarrenek aipatzen du, 1499an, Usurbilen ezagutzen den lehendabiziko erroldan. 1561ean Esteban de Echascue Usurbilgo alkate izan zen. Lope Martinez de Isastik, bestalde, 1625ean etxe honen izenaren aipamena egiten du: “Itsascue” izenarekin agertzen da Compendio Historial de Guipúzcoa lanean. Luis Mari Mujika filologoak baserriaren izen zaharra Isaski dela dio.
Seguru asko, XIX. mendean etxe hau erre egingo zen; XVI. mendeko elementu batzuk mantentzen ditu oraindik. Etxearen perfila eta bolumena jatorrizkoak dira, baina barruko zurezko egitura zaharrak galduak ditu.
Lizaso sendia bizi da baserri honetan. XIX. mendean etorri ziren Lizasotarrak Asteasuko Bulano baserritik, Itxaskue erosita. Joxe Manuel Lizaso Arsuaga zen Itxaskueko nagusia, 1872an jaioa. Alarguna eta haurrik gabe, Maria Peñagarikanorekin ezkondu zen. Tolosarra zen Maria. Hamar seme-alaba izan zituzten, eta haietatik, Joxe Mari semerik zaharrena gelditu zen maiorazko.
Joxe Mari 1940an ezkondu zen Josefa Antonia Lasarekin, Lasarteko Sasoetatxikiko alabarekin. Joxe Mari eta Josefa Antoniak bost seme-alaba izan zituzten. Gaur, Itxaskuen Joxe Mari Lizaso Peñagarikano nagusia bizi da, hiru semeekin. Lau-sei buru dituzte ukuiluan, eta horrez gain, baratzeak ere bai. Baserri tradizional moduan mantentzen da gaur egun.
Itxaskue baserri zaharrarekin hormaz horma, Portalezaberri deitzen den etxea dago. Joxe Manuel Lizasok eraiki zuen gaztea zela. Larraulgo Antzolatxikitik etorritako Urkidizar familia jarri zen bizitzen maizter. Beranduago, Aginagako beste familia bat etorri zen bizitzera, Gomeztegi baserrikoak hauek. Haiek 1922 aldera alde egin zuten, eta Aginagara itzuli ziren. Familia hark alde egin zuenetik hutsik dago. Etxearen jabea gaur Maria Teresa Manterola Lizaso da, Joxe Manuel Lizasoren iloba.
Baserriaren lotutako argazkiak:
- 1958 Dema plaza. Bentako idiek Itxaskukoen aurka. Apustua Itxaskukoek irabazi zuten.
- 1984. Itxaskue.
- 2002. Itsaxkue.
- 1931. Zubietako euskal jaietan Itxaskueko alabak: Ezker-eskubi: Julita eta Juanita Lizaso Peñagarikano.
- Itxaskueko aitona: Joxe Manuel Lizaso Arsuaga. 1958ko abuztuan hil zen 86 urte zituela.
- Itxaskueko ama: Maria Peñagarikano Agirrezabala. 1966. urrian hil zen 75 urte zituela.
- Itxaskueko semea: Pedro Lizaso Peñagarikano. 1958ko ekainean hil zen 32 urte zituela istripuz kamioiko karga gainera erorita.
- 2002. Itxaskue Berri.
- 2002. Itxaskue baserria eta Fortaleza berri. Bien artean uren bozaera.