Zubietako Kamio desagertutako baserri bat da. Gaur ez dakigu zehazki non zen, baina badirudi Etxetxo baserriaren inguruan zegoela. Usurbilgo partean zegoen. Ez zen etxe herri-sortzailea, eta oso lur gutxi zituen, golde bat (3300 metro koadro) zuen sagasti bat bakarrik. Kamioko biztanleek urte asko pasa zituzten auzietan Komunitatearekin, Zubietamendiko larre eta basoetan bere ganaduentzat bazkatzeko eskubidea eskatzen. Komunitateak beti ukatu egin zien Kamioko jabeei lursail haietan sartzeko eskubidea, nahiz eta Kamiokoek “betidanik” zubietarrak zirela, eta auzotasunik ez izan arren, kaperadunak zirela argudiatu. Hainbat epaiketa izan ziren 1663 eta 1681 bitartean, eta Kamioko jabeek galdu egin zituzten.
1663an aipatzen da lehenengo aldiz Camio izeneko etxea Zubietan. Balthasar de Urrizmendi eta Margarita de Chipito ziren jabeak. Dena dela, aipatutako urtea baino lehen baserritarrak bizi zirela badakigu. Badakigu 20 bat urte lehenago abereak bakarrik zeudela Kamion, eta 1634an Miguel de Chipito zela etxearen jabea. Margaritaren aita zen. Seguru asko, berak eraikiko zuen 1630 inguruan. 1679an Juan Martinez de Yrarreta Çubiaurre eta haren emazte Mariana de Berridi ziren jabeak. Horiek, dirudienez, etxe zaharra bota eta berria eraiki zuten. Juan Martinezek Maria de Chipitok utzitako herentzian jaso zuen baserria. Etxea berria eta oso ederra zen “de fabrica nueva y suntuossa”, zilarrezko 3000 dukat balio omen zuen, garai haietan izugarrizko dirutza.
Baserriaren lotutako argazkiak: