Larbain


Larbain baserria, Iartza baserritik ipar-ekialdera, Gaztelutxo edo Gaztelu mendixkaren bizkar zabal batean kokatzen da. Larbain XVIII. mendeko baserri aipagarria da. Bere jatorrizko neurria eta zurezko egitura mantentzen ditu egun. Etxe honen lehenengo aipamenak 1864koak dira. Udaletxetik 1700 metrora dagoela dio urte horretako “Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa” zerrendak. Hori horrela izanda ere, ziurta daiteke etxearen eraikuntza aipatutako urte hori baino are zaharragoa dela, egiturak erakusten duenez.

1920an bi familia bizi ziren Larbainen: Zelestino Aburruza eta Maria Otegi senar-emazteak beraien zazpi seme-alabekin, eta Antonio Izagirre eta Joxepa Antoni Mujika senar-emazteak beste zazpi seme-alabarekin.

Gaur, baserri honetan bizi den familia Goierritik etorria da. Horregatik, Larbain baserriak Goierriko txoko bat dirudi gaur ere, eta bertan Goierriko “euskerea” hitz egiten da.

Beasaingo Gantzarain baserritik, Esnaola familia osoa etorri zen: Juan Tomas Esnaola, bere emaztea Josefa Ignazia Armendariz, eta beren zortzi seme-alabak: Patxi, Rosa, Bautista, Joxe, Simon, Esteban, Santos eta Ageda. Sebastian Sagardiari erosi zion etxea Juan Tomas aitak, 1923an. Esnaola-Armendariz familia, ordutik, Larbainen bizi da. Patxi maiorazkoa zen eta Larbainen gelditu zen nagusi. Patxik erosi zuen Larbaingo beste etxebizitza, Agirretarrena zena. Lehenago Sagardia familia Troia ondoko Dendarieta baserrira joan zen bezala, oraingoan Agirre sendia “Astotegia” (gaur Txaratxiki) deitzen den Txaparrenea ondoko etxe txikira jaitsi zen.

Patxi, Maria Angeles Alkaiaga Begiristainekin ezkondu zen. Maria Angeles Lazkaomendiko bi etxebizitzako Abali baserriko alaba da. Abaliko semea zen, gainera, Joxe Migel Iztueta “Lazkao Txiki” bertsolaria ere. Ordiziako ferian ezagutu zuten elkar Patxik eta Maria Angelesek. Hiru seme-alaba izan dituzte.

Larbainen 10-12 buru zituzten, eta garai batean, esnea Lasarten saltzen zuten. Maria Angeles etxekoandrea joaten zen esnea partitzera Lasartera egunero. Larbaineko bide zaharretik Troiara jaitsi, eta egunero “mula”rekin (mando emea Goierriko euskaran) esne banaketa egiten zuen. “Troian, Txikierdin, Frantsesetako etxeetan… partitzen joaten nintzen esnea. Lasarteko Goenkalen bukatzen nuen” kontatzen du Maria Angelesek. Geroago, zaldi-karroarekin joaten zen, oraingoan Murkaikutik. 1975ean egin zituzten azken bidaiak. Ondoren esneketariari uzten zioten esnea, Iartzako bidegurutzean. Gaur, sei-zazpi larre behi dituzte Larbainen. Seme zaharrenak, Joxe Ignazio Esnaolak baserriko jarduerari jarraitzen dio.

Baserriaren lotutako argazkiak: