Lizarraga


Zubietako erriberetan dago Lizarraga baserria, Zubietako elizatik hurbil. Etxenagusi, Aliri, Etxeberriaga eta Irigoien baserriak ditu inguruan.

Gaurko Lizarraga baserria XVI. mendean eraikia da: harlanduz egindako garai hartako arku ederrak ditu, eta garai bereko leihoak. Zurezko egitura zaharra alde batzuetan mantentzen du. Gipuzkoako kostaldeko baserri askok bezala, harlanduz egindako gurutze bat zeukan teilatuaren gailurrean. Gurutze hori hego mendebaleko horman aurkitzen da. Etxeak 400 metro koadroko planta dauka, Aliri, Aizpurua eta Berridiren neurri berekoa, beraz. Baserri hauek guztiak garai berekoak dira.

Lizarraga baserria Zubietako Komunitateko parte izan da beti.

1379an aurkitzen dugu Lizarraga etxearen lehenengo aipamena. Urte hartan, Zubietako oinetxeek Donostia eta Usurbilen artean aukeratu behar izan zuten, eta Lizarraga Usurbili lotu zitzaion. Geroago, 1495ean agertzen da baserri hau Zubietako Komunitateko dokumentu batean: “Juan de Lizarraga, señor de la casa de Lizarraga” agertzen da agiri horretan. Juango de Lizarraga Usurbilen ezagutzen den lehenengo erroldan azaltzen da 1499an.

1517an, Juan de Lizarraga, beste zubietar batzuekin batera, Oriako Itxia inguruko lurrak eta ondasunak Juan de Lasarteren aurka defendatzen ageri da. 1566an, Joanes de Lizarraga Zubietako oinetxe honetako ondorengoak, Donostian auzotasuna zuen. 1598an eta 1599an Juanes de Lizarraga agertzen da Komunitateko auzi batean aipatua. Errotaria zen; Asteasuain, Aizpurua eta Lasarteko errotetan lan egina zen. 1625ean, Lope Martinez de Isastik ere aipatzen du.

1615ean, Joanes eta Maria de Lizarraga San Salbatore parrokiako elizkideak konfirmatuak izan ziren.

1652an, Martin Perez de Lizarraga zen baserriaren jabea. 1658an, Juan Lopez de Lizarraga Usurbilgo zirujaua zen. Jaun honek banantze eta dibortzio auzia izan zuen bere emazte zen Magdalena de Albizturrekin. 1663an, Martin Perez de Lizarraga Barcaiztegui jauna zuela gutxi hil zela aipatzen da Zubietan egin zen epaiketa batean. 1673an, 1679an eta 1689an Sevastian de Lizarraga ageri da baserriaren jabe. 1705ean, berriz, Zubietako zinpeko eta batzarkidea da.

1721, 1723 eta 1724 urteetan, Francisco de Lizarraga Zubietako batzarkide moduan agertzen da. Lizarragako maiorazko eta jabea zen. 1724an Domingo de Aizpurua Lizarraga aipatzen da, Zubietan garai hartan frantsesen aurka izan ziren gertakizunetan. 1796an, Francisco Antonio de Lizarraga izenekoa zen Zubietako zinpekoa.

Lehen, Lizarraga etxebizitza bakarrekoa zen, eta Lizarraga abizeneko familia bizi zen bertan. XX. mendearen hasieran, Legarra anaiena zen. Hauek ez zuten ondorengorik, bai ordea baserrian bizi ziren morroiek. Legarra anaiak hil zirenean, ondasunak morroiek heredatu zituzten, eta haiek baserria zatitu egin zuten. Haietatik, Concepcion Legarra, 1860an jaioa, izan zen azkena hil zen oinordekoa, eta etxearen erdia (egutera aldea atari nagusiarekin) Elizari utzi zion, gotzaindegiari.

Etxearen alde honetan bizitu zen urte askotan Zubietako apaiza zena, Frantzisko Aranburu, Oiartzungoa sortzez. Apaizak hegaztiak eta baratzea zituen, baina ez behirik. Hegomendebaleko aldea, berriz, Joxe Martin Eizagirre Agirrek erosi zuen. Joxe Martin Azpeitiko Endaizpezar baserriko semea zen, 1894an jaioa. Bere emazte aiarrarekin etorri zen, Braulia Azpiroz Albisurekin, Azkue baserrian 1900ean jaioa. Hamar seme-alaba izan zituzten. Hasiera batean, Zubietako Kaleberrin jarri ziren bizitzen, eta bertan jaio ziren sei seme-alaba: Ignazia, Juanito, Pepe, Patxi eta Joakin eta hil egin zen beste anaia bat. Lizarragaren erdia erosi ondoren, 1934 aldera, beste lau seme-alaba jaio ziren: Anttoni, Mª Dolores, Mª Kruz eta Mari Karmen. Hegaztiak eta baratzea zituzten. Geroztik, baserriaren bi aldeak bina etxebizitzatan banatu ziren, beraz, gaur lau etxebizitza ditu.

Baserriaren lotutako argazkiak: