Baserri txiki honen izenak adierazten duen bezala, Mapillerreka zokoan eta honen ondoan dago. Mapil ontziola handiko eranskina izango zen seguru asko, honen ondoan dagoen Uriberri etxea bezala. Mapil baserriaren lurrak Mapillerrekaren atzealdean daude (gaur, Mapilgo hegaztitegia).
Mapillerrekaren planta ia karratuko eraikina da. Upeltegia, bi solairu eta ganbara ditu, osorik zurezko egituraz eginak. Lau fatxadetan bilbapenak dauzka “arranobuztan” loturarekin. XVII. mendearen bukaera eta XVIII.aren hasierako eraikuntza da.
Luis Murugarren historialariaren arabera, “Mapill erreca”ren lehen aipamena 1817koa da. Ziurta daiteke, dena den, data hori baino ehun urte lehenago egin zela.
Pikabea familia bizi da bertan. Joxe Mari Pikabea etxeko semeak diosku bere aitona Julian Pikabea Hernanitik etorria omen zela Aginagara. Julian, Mapillerrekako alabarekin ezkondu zen, Angela Azkonobietarekin. Lau seme eta sei alaba izan zituzten, etxerako hamar seme-alabetan gazteena gelditu zen: Erramun Pikabea. Hau Isostegiko Maria Lizarretarekin ezkondu zen, eta zazpi seme-alaba izan zituzten: Bitoriano, Joxe Antonio, Karmelo, Begoña, Joxe Mari, Julian eta Mertxe. Karmelo “aingerua” zela hil zen, 18 hilabeterekin. Gaur Bitoriano, Julian eta Begoña bizi dira bertan. Oiloak, ardiak, untxiak eta txekorrak dituzte baserri txiki polit honetan. Lehen bost behi ere bazituzten.
Gaur, Pikabea familia baserriaren jabe da. Lehengo nagusiak Gernikan bizi ziren Juan Maria Olazabal eta Soledad Altube senar-emazteak ziren, eta Bizkaiko herri hartara hemendik urtero errenta ordaintzera joan behar izaten zuten.
Mapillerrekaren ondotik pasatzen da gorputz-bide zaharra. Bestalde, Arrate, Etzabal, Fermiñenea, Aintzia, Urdaira, Arburu, Arrillagatxiki… baserri hauetako guztietako bizikletak Mapillerrekako etxe barruan gordetzen zituzten, gero bidean abiatzeko.
Baserriaren lotutako argazkiak:
- Mapillerreka.
- 2001. Mapillerreka.
- 1900? Gregori Azkonobieta Pagola (Mapillerrekako alaba). Donostian bizitu zen.
- 1900? Tiburtzio Azkonobieta Pagola (Mapillerrekako semea). Argentinara joan zen.
- 1984. Mapillerreka.
- 1940 Mapillerrekako ataria. Angela Azkonobieta Pagola, Mapillerrekako alaba.
- Maria Lizarreta Irastorza, Isostegiko alaba.Mapillerrekan bizitu zen.