Mitxelkonea


Mitxelkonea Aginagako erdigunetik iparrekialdera dago, Aginagako Goialdera doan herribidearen ondoan. XVII. mendearen bukaeran egindako baserria da. Fatxadak manposteriaz eginak daude. Etxearen ertzetan eta zenbait leihotan harearri harlanduzkoak ditu, eta hegoaldera begira dagoen fatxada nagusiak zurezko egitura agerian dauka.

Aginagako Komunitateko partaide da.

Michelcorena izeneko etxea aipatzen da Maria de Petriarça andreak egin zuen testamentu batean, 1629an. San Joan de Urrezmendi zen jabea, eta Maria de Petriarça zuen emaztea, Zubietako Petritza baserriko alaba. Bost seme-alaba izan zituzten: Esteban -maiorazkoa eta oinordekotza hartu zuena-, Baltasar, Domingo, Katalina eta Maria.

1642an, Domingo de Urrizmendi zen jabea; Paris etxea ere berea zuen. Urte horretan, Usurbilgo beste etxeekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusiek aginduta, erregeari dirua eman zioten. Domingok bere bi etxeengatik hiru dukat eman zituen.

1864ko “Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa” zerrendan “Michelconea” baserria aipatzen da, udaletxetik 3.100 metrora kokatua.

1920 urtean, Severo Aguirre-Miramon zen jabea.

1955 inguruan Joxe Luix Maioz eta Maria Pagola bere emaztea ziren jabeak, eta baserrian bizi ziren. Garai hartan, Mitxelkonera maizter etorri zen Eskudero familia. 1930 aldera, Gregorio Eskudero Eskudero eta bere familia Aranoko Liztorregi baserritik Usurbilgo Egioletatxikira etorri ziren, eta urte gutxitara Aginagako Ezkerrenera pasa ziren. Gaur, Mitxelkonean bizi dira eta Joxe Mari Eskudero Perurena, Egioletatxikin jaioa, Mitxelkoneko aitona da. Emaztea Nieves Segurola Zubeldia zuen, Fermiñeneko alaba. Bost seme-alaba izan zituzten. 1994 aldean baserria erosi egin zuten. Zazpi edo zortzi buru eta mandoa zituzten, baina gaur kenduak dituzte.

Baserriaren lotutako argazkiak: