San Esteban elizatik hurbil dago, hegoaldera, Ostatu eta Oabea etxeen artean, azken honi itsatsia. 1995ean Oagoia etxe zaharra bota, eta osorik berreraiki zuten. Oa antzinako oinetxea da. Badirudi bere itzalean sortu zela Urdaiagako San Esteban eliza. Lope Martinez de Isasti historialariak 1625ean “San Esteban de Hoa” deitzen dio eliza horri. Bestalde, Oagoia, “Oa Gaña” ere esan zaio, Aginagako Komunitateko partaidea izan da beti.
XV. mendetik aurrera agertzen dira Oako leinua eta oinetxearen erreferentziak. 1448an, Usurbilen, Martin de Ochoa de Hoa jaio zen, eta 1456an, Pedro de Hoa, hau ere Usurbilen. Bestalde, 1460-1470 hamarkadaren inguruan, Miguel de Oa, Oako oinetxe honetako maiorazkoa, Perona de Oquendo y Merquelin, Donostiako Okendo familia nagusiko alaba zenarekin ezkondu zen.
1532an Urtuño de Hoa Usurbilgo prokuradore edo ordezkari izan zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Joanes de Hoa eta bere semea Domingo, eta Juanes eta Esteban de Hoa, laurak Usurbilgo Oa etxean jaioak, Donostian auzotasuna zuten 1566an. 1573an, Joanes de Oha eta Miguel de Oha ziren Oagoia etxearen jabeak.
1586 inguruan, Catalina de Oa, oinetxe honetako alaba, Donostiako Lugaritz auzoko Amasorrain oinetxeko maiorazko zen Pedro de Amasorrainekin ezkondu zen.
Lope Martinez de Isastik ere, 1625ean, “Hoa” izeneko oinetxea aipatzen du Urdaiagan. Geroago, 1642an, Martin eta Esteban de Hoa izenekoek dukat erdi bat eman zuten erregearentzat “donativo graçiosso” deitzen zitzaion emaitza moduan.
1767an, Manuel Lekuonaren arabera, Juan Ramon de Ayalde zen “Hoa” izeneko etxeko jabea. Lasarteko Brigiden komenturako zentsu edo mantenu pentsio bat ordaintzen zuen.
Pedro Iraola zen Oagoiko jabea 1920an. Geroago, Goierriko Gaintzatik etorritako Pedro Olea eta bere familiak erosi zuten baserria, eta bertan jarri ziren bizitzen. Hauek, berriz, Oabeko Zubeldia-Agirre familiari saldu zioten. Oleatarrek alde egin zutenean, Zubeldiatarrak pasa ziren bizitzera, bi Oa baserrietan. Joxe Julian Zubeldia eta Aiako Altzolako Izuela baserriko Maria Jesusa Agirre Urruti bere emaztea dira gaur jabeak.
Lehen sei edo zazpi behi izaten ziren baserri honetan. Esnea eta tratua saltzen zuten Donostiako San Martin plazan. Egunero joaten zen, zesterak kargatuta, Lorentxa Garin etxekoandrea, Usurbilgo geltokitik trenez Donostiara.
Sagardotegi ere izan zen Oagoia, eta garai batean bezero asko izaten zuen. Hango bolatokian, Joxe Julian Zubeldiak kontatzen duenez, bere aitonari entzuna zion bolatoki ertza, apustuak zirela eta, zilarrezko diruekin betea egoten omen zela.
Bestalde, pinu mintegiak zituzten Oagoian. Joxe Julian Zubeldiak dioenez, pinu kozkorrak zakuetan jaso, eta Zendoianeko okindegira eramaten zituzten; labe gainean berotu, eta harrotzen zirenean, ateratako hazia erein egiten zuten. Gaur, Joxe Angel Zubeldiak, Joxe Julianen anaiak, mintegiko jarduerarekin jarraitzen du; batez ere fruitu-arbolak eta lorezaintzarako landareak prestatzen ditu.
Baserriaren lotutako argazkiak:
- Txikierdiko ama: Maria Zubeldia Lertxundi. 1966ko abuztuan hil zen 85 urte zituela. Sukaldari aparta omen zen.
- 1965. Urdaiagatarrak auzolanean: 1.- Ignazio Labaka (Karatxea). 2.- Joxe Goenaga. 3.- Joxe Mari Kamino (Portu). 4.- Joxe Julian Zubeldia (Oagoia). 5.- Joxe Mari Arrospide (Urtinea). 6.- Fermin Roteta (Urdaiaga Jauregia). 7.- Marzelino Portu (Ostatu). 8.- Joxe Mari Muguruza (Goikoerrota). 9.- Inaxio Lizaso. 10.- Antton Mari Iturralde (Aldatxa). 11.- Joxe Angel Zubeldia (Oabea). 12.- Joxe Luis Iturralde (Gilisastitxiki). 13.- Antonio Etxabe (Santuenea). 14.- Bixente Muguruza. (Goikoerrota). 15.- Santos Iruretagoiena (Gilisastiaundi). 16.- Joxe Iruretagoiena (Gilisastiaundi). 17.- Joxe Iturralde (Aldatxa).
- 2001. Oabea eta Oagoia.
- Jaunartzeko argazkia: Ezker eskubi: Joxe Julian Zubeldia Garin (Oagoia), Maria Jesus Iturralde Iribar (Gilisastitxiki) eta Joxe Mari Arrospide Iturralde (Urtinea).
- 1984. Oagoia.