Oianguren


Zuasti eta Artzabaletatxiki baserrien artean dago Oianguren baserria. Baserri honetaz ezagutzen den lehenengo aipamena 1379koa da. Dakigunez, Zubieta Donostia eta Usurbil udalerrien artean zatitu zen urte hartan, eta Oianguren Donostiakoa da ordutik. 1495ean ere agertzen da Oianguren izena: Pedro de Oyanguren, Oyanguren izeneko baserriko jaunak, kontratu baten bidez, Zubietako beste baserritar batzuekin batera, Aizpurua etxeari bere bi erroten erdia erosi zion. Zubietako Komunitatearen agirietan agertzen dira datu horiek.

1510ean, Peru de Oyanguren izeneko Zubietako biztanle bat lekuko agertzen da epaiketa batean. Dagoeneko, baserriaren jabea Zubietako Komunitatea zela, 12 bat urtez, 1679ra arte, baserri honetan bizitu ziren maizter Juan Martinez de Yrarreta Çubiarre eta bere emaztea Mariana de Berridi. Aipatutako urtean senar-emazteak Kamio baserrira aldatu ziren.

Urte gutxitara, aipatutako Pedro Oyanguren berak baserria Komunitateari saldu zion gero, 1503an. Baserriarekin batera, lurrak eta sagastiak ere saldu zizkion, guztia 160 dukatetan. Salmenta agiria Aliri baserriko atarian sinatu zen, 1509ko apirilaren 17an. 1625eko lanean, Lope Martinez de Isastik ez du aipatzen etxe hau, garai hartarako Zubietako Komunitatearena baitzen. XVI. mendetik aurrera, maizterrak bizitu izan dira beti Oiangurenen.

XIX. mendearen bukaera aldean, Komunitatearena izaten jarraitzen zuen, eta horrek Tolosako Oiarbidetarrei saldu zien baserria. Joxe Maria Etxabe eta Maria Arregi senar-emazteak bizi ziren, maizter. Bi seme (Pio eta Fermin), eta alaba bat (Manolita) zituzten. Pio semea, Oingurenen gelditu zena, Etxeberriaga baserriko Martina Urdanpilletarekin ezkondu zen. Ez zuten haurrik izan, eta ondorengorik gabe senar-emazteak hil zirenean, ez zen maizter berririk etorri. Horrela bada, Oianguren hutsik gelditu zen, eta baserri jarduera ere bukatu egin zen horrekin batera. 1990 aldean, bota egin zuten, eta etxe berri bat egin zuten haren lekuan.

Oianguren Zubietako baserririk zaharrena zela diote zubietarrek. Dena dela, hori argitu gabe dago egundaino, gaur ez baita antzinako etxe haren aztarnarik gelditzen.

Jose Maria Sudupek zaldiak hazten ditu gaur egun, baserri jarduera jarraitzeko.

Baserriaren lotutako argazkiak: