Olarri


Olarri baserria Olarrimendia deitzen den gain zabal eta lau baten erdian dago, Zaldierreka eta Ollokierrekak mugatzen duten paraje eder batean. Bi erreken artean mugatzen dira baserri honen lursailak.

Planta errektangularreko eraikuntza da, bi solairu eta ganbararekin. Teilatua hiru ur-isuritakoa da, eta lau fatxadak harri eta manposteriaz eginak. Ertzetan harlanduak ditu, eta harlanduzkoak dira baita ekialdeko aurrealdean dituen ate eta leihoen harriak ere. Alde berean, harlanduz egindako karrera edo estalpe bat dauka (honen erdia erorita dago). Hegoaldeko fatxada harri, manposteria eta adreilu zeramikoz egina dago. Baserria zorutik ganbarara arteko bederatzi zurezko habe haundiren gainean altxatzen da. Baserri honen zurezko egitura oso ondo landua eta bikaina da. XVI. mendean eraikia da, baina XVII-XVIII. mendeen artean berreraikia, kasu askotan lehengo zurak aprobetxatuz.

Gaur, iparraldeko ukuiluan ditu lehen izan zen dolare zaharraren soliboak. Ganbaran, bi habetan irazkia egiteko (gero ehundegirako haria egiteko) zirientzako zuloak ageri dira. Iparraldeko sarrerako atearen harlanduan “1010” urtea ageri da labratua.

Baserri honen izenaren antzinako aipamenak ugari dira. Lope Martinez de Isastik, esaterako, Olarria izeneko oinetxea aipatzen du Elizalden, 1625ean.

Bestalde, Miguel de Olarria izenekoak Usurbilen auzotasuna zuen, 1451n.

1486an, Juan de Olarria aipatzen da auzi batean lekuko gisa, eta 1499an berriz, Usurbilen egin zen lehenengo erroldan.

XV. mendearen bukaera aldera, Catalina de Olarria Donostiako Antonio de Oquendo kapitainarekin ezkondu zen, Miguel de Oquendo jeneralaren anaia zenarekin.

Martin de Olarria, 1608an jaioa, Usurbilgo alkatea izan zen, 1638an, eta lekuko gisa deklaratu zuen, 1674an eta 1680an. Usurbilen bizi zen. Jaun hau bera agertzen da, 1642an, Gipuzkoako Batzar Nagusiek aginduta, erregearentzat hiru dukat ematen.

1615ean, Maria de Olarria San Salbatore parrokiako elizkidea konfirmatu zuten. 1668an, berriz aipatzen da Maria, Usurbilgo San Salbatore elizako hilobi bateko jabetzari buruz izan zen eztabaidan.

1704an, Esteban de Olarria zen Olarriko jabea.

Azkenik, 1773an, Juan de Olarriak kaperatasuna frogatu zuen Usurbilen.

Olarri, hasieran, etxebizitza bakarrekoa zen. Seguru asko XIX. mendean, jabeek zatitu egin zuten, eta bi familia maizter jarri. Gaur bertan bizi diren familiak, Goenagatarrak hegoaldean eta Matxaindarrak iparraldean, aspalditik bizi dira Olarrin (biak, seguru asko XIX. mendearen bukaeratik aurrera). Goenaga familiak orain dela gutxi erosi du bere aldea. Matxaindarrek, aldiz, maizter jarraitzen dute. Baserriaren jabeak Saroe jauregiko ondorengoak ziren.

Matxaindarrenean, iparreko aldean, senar-emazteak eta seme bat bizi dira, gaur egun. Senarra, Joxe Matxain da bertakoa. 1982 arte, zortzi edo hamar behi izan zituzten, esnetarako. Gaur, ardiak dituzte, bazterrak garbiak edukitzeko. Etxerako baratzea lantzen dute gainera. Lehen, Donostiako Bretxako azokara joaten ziren, egunero, beren produktuak saltzera, esnea eta barazkiak gehienbat. Goizero, Txaparreneko geltokira jaitsi, eta trena hartzen zuten, han bertan astoa lotuta utzita.

Baserriaren hegoaldeko zatian Goenaga familia bizi da. Aitak Fermin Goenaga zuen izena, eta Olarrikoa bertakoa zen. Ama, Antonia Martikorena, Igeldoko Lurgorrieta baserriko alaba da. Gaur, Joxe Goenaga semea da nagusia.

10-13 behi eduki izan dituzte. Lehen Lasartera jaisten ziren egunero esnea saltzera, karroa eta behorrarekin. Gero, Usurbila joaten hasi ziren, duela zortzi urte esnea saltzeari utzi zioten arte.

Bertako familiek esaten dutenez, tximistak maiz jotzen du inguru honetan; pinu asko daude horrela erreta. Bi aldiz zezena hil du tximistak Olarrin.

Etxearen hegoaldean baratze bat dago. Lehen horma batek inguratua zegoen. Toki honi zezen plaza deitzen diote eta, esaten denez, bertan zezenketak egin ohi ziren. Lehoiak ere egon izan omen dira leku honetan. Hain altuak ote ziren horma haiek?

Olarri baserriak 44 hektarea lur dauzka. Familia bakoitzari 22 dagozkio, eta jabe bateko eta bi maizterreko etxe askotan gertatzen den bezala, lursailak nahasiak daude. Iparraldeko jabearen lursail gehienak hegoaldean daude, eta hegoaldeko jabearenak, berriz, iparraldean. Garai batean, etxeko dolarea erdibana izan zuten Matxainek eta Goenagak.

Baserriaren lotutako argazkiak: