Saltxipi


Txokoalde auzunean dago Saltxipi, errekaren ondoan, Errementaldegi baserritik hegoaldera. Jabetza-eskrituretan eta beste zenbait agiritan izen desberdinez deitzen da baserri hau, hala nola: “Zabalchiqui”, “Zabaltxipi”, eta “Zabal Azpia” (1883an Irigoindegiko jabetza-eskrituretan). Aginagako eta Urdaiagako adineko pertsonek “Saatxipi” deitzen diote. Baserri hau Aginagako Komunitateko partaidea da.

XVI. mendekoak dira etxe honen lehenengo aipamenak. Gaur ezagutzen dugun baserri eraikuntzak, hala ere, ez du gordetzen aipatutako garaiko aztarnarik. 1573an, Maria Miguel de Chipito zen “Zabale de Yuso” izeneko etxearen jabea. Beharbada, hortik dator baserri honen gaurko izena. Zabalebekoa edo Zabale de Yuso, “Zabala-Txipito” bihurtu zen, era laburrean, Zabaltxipi, eta hortik Saltxipi. Txipito familiaren erreferentziak Saltxipin bertan agertzen dira lehenengo aldiz; geroago Zubietara pasa ziren, aurrena Kamio baserrira eta ondoren, Barazarrera.

1621ean, Estefania de Zavala zen “Zabaltxipi” oinetxeko etxekoandrea, eta Domingo de Arrillaga zuen senarra. Beharbada, Estefania andrea Zabalea (Zabala de Suso) etxeko ondorengoa zen, goiko Zabalatik behekora bizitzera etorria. Urte horretan, beren seme maiorazkoa, Pedro de Arrillaga y Zavala deitua, Elizaldeko Saroe oinetxeko Magdalena de Irigoyen y Urrizmendirekin ezkondu zen.

1642an, “Zavalchipi” izeneko etxeak dukat erdi bat eman zuen erregearentzat, Gipuzkoako Batzar Nagusien mandatua betetzeko, “donativo graçiosso” deitzen zen zerga moduan.

1767an, Manuel Lekuonak dioenez, Ignacio de Arrazáin zen “Zabalchipi” baserriko jabea. Lasarteko Brigiden komentuarentzat mantenu pentsio bat ematen zuen. 1820an, berriz, “Zabalchipi” baserriaren jabeak Pedro Antonio de Arrazain eta Maria Francisca de Oyarnarte direla dirudi.

Gaur, Añorga familia da Saltxipiko jabea. Ignazio Añorga Saltxipiko semea Epifania Mendizabal zizurkildarrarekin ezkondu zen, eta zazpi seme-alaba izan zituzten. Santiago semerik zaharrena gelditu zen maiorazko, eta Errezilgo Agerre baserriko Josefa Galarragarekin ezkondu zen. Santiago 1997an hil zen 87 urte zituela, bizitza osoan baserrian lan egin eta gero. Oso baserri indartsua zen Saltxipi. Lurrak eta mendiak bazituen Puela inguruan. Gainera, Santiagok pinudiak erosi zituen Ziortza inguruan, Zizurkilen. Hamar bat abelburu izaten zituzten ukuiluan, baita idi parea ere. Morroia eta neskamea ere beti izaten ziren etxean.

Bestalde, sagardotegi oso ezaguna zen. 1936ko gerraren ondoren, bi dolare zituen, eta urte batean mila karga sagar jotzera heldu zen. Urtean 30-40 upel betetzen zituen, eta zotzetik eta botiletan saltzen zuten sagardoa.

Baserriaren lotutako argazkiak: