Santuenea


Elizaldetik San Esteban elizarako bidean, Zorrotzeko zubia pasata, aipatutako elizarako malda igotzen hasterakoan zegoen Santuenea (Santuruenea ere bai dokumentuetan). Baserri honek eman zion izena Santuenea auzuneari.

Santuenea erre egin zuten 1960 hamarkadan. Ez zen inor bizi bertan. Lastoz betea zegoen, eta auzoko haur batzuek, jolasean, su eman zioten. Antzinako baserria zen Santuenea, seguru asko XVI. mendean edo lehenago sortua.

Tradizioak dio Loiolako Ignaziok, Parisetik Azpeitira zetorrela, Santuenean hartu zuela ostatu. Beraz, Santuenean, eta Aiako Iturriotz benta ezagunean lo egin zuen Loiolako Ignaziok.

Aspaldikoak dira etxe honen erreferentzia batzuk: adibidez, Luis Murugarrenek dioenez, 1642an, “Santurunea” izeneko etxeak bi dukat eman zituen erregearentzat, “donativo graçiosso” deitutako emaitza gisa. Geroago, 1663an, “Santurunea” etxea aipatzen da Zubietan izandako auzi batean.

Atxegako leinuaren jabetzakoa izan zen. San Millango markesaren 1765eko ondarearen zerrendaren arabera, 480 errealeko errenta ordaintzen zuen urtean Santueneko maizterrak.

Baserriaren lotutako argazkiak: