Sariaaundi


Intxaurreta eta Sariako Olaren artean, Sariako erribera oparoen erdian dago Sariaaundi oinetxea. XVI. mendean eraikitako baserri honek planta errektangularra eta manposteria eta harriz egindako hormak ditu; teilatua bi ur-isurikoa, bi solairu eta ganbara. Zurezko egitura bikaina oinarrietatik teilaturainoko bederatzi haberen gainean altxatzen da. Biga handiz gurutzatutako habe hauek beso edo txarrantxa bikiez indartuak daude. Baserriaren egiturarekin batera aipatutako mendeko dolare baten aztarnak ditu. Sariaaundi eraiki zen garaiko egitura ia osoa mantentzen du; eraikuntzaren bolumena ere jatorrizkoa da.

Antzinako idatzietan “Sarria” izenarekin agertzen dira beti Saria izeneko bi oinetxeak.

Lope Martinez de Isastik 1625ean “Sarria” oinetxe bakarra aipatzen du Aginagan. Garai hartan Sariaaundi eta Sariagoikoetxea oinetxeak baziren.

“Sariaundia” izenarekin ere agertzen da. 1864an “Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa” zerrendan, udaletxetik 4.400 metrora zegoen baserri hau.

Aginagako Komunitateko partaide da.

Saria Usurbil herria baino lehenago sortu zen Urdaira eta Aintziarekin batera. Hauek dira, izan ere, Usurbilgo etxerik zaharrenak, seguru asko San Salbatore eliza baino lehenagokoak. Elena Barrena historialariak aipatzen duen 1178ko dokumentu batean, Antso Jakituna Nafarroako erregeak baieztatzen du Garzia Ramirezek Iruñeako elizari eman zizkiola “Hieldo”, Urumea… eta inguruko beste zenbait lekutan zituen ondareak. Hor “Saria” aipatzen da.

Saria izenaren aipamenak, beraz, aspaldikoak dira:

1493an, Juan de Saria aipatzen da Miguel de Achega jauntxoaren aurkako auzi batean.

1499an, Juan de Saria izenaren beste erreferentzia bat aurkitzen dugu: Luis Murugarren historialariak dioenez, Usurbilen egin zen lehenengo erroldan agertzen da.

Axentxio Elustondok, 1573an, Joanes de Arteaga aipatzen du “Saria de Yuso” etxearen jabe gisa, eta urte berean, Cristobal de Albia, “Saria Barrena” etxearena.

Sariaaundin Zaldua familia bizi da. Joxe Luis Zaldua Altunaren gurasoak Joxe Mari Zaldua Arruti eta Joxepa Altuna Lete ziren. Joxe Mari aita Sariaaundiko semea zen eta maiorazko gelditu zen. Bost seme-alaba izan zituzten: Joakin, Antonio, Enrike, Maria Pilar eta Joxe Luis bera. Seme gazteena jaio zenean, Joxepa hil egin zen erditzean. Joakin gelditu zen maiorazko, eta ezkongabe zela, 54 urterekin hil zen. Enrike, berriz, gaztetan hila zen, eta Antonio, Maria Pilar eta Joxe Luis kalera joan ziren bizitzera.

Baserria kinka larrian zegoen Joxe Luis, dagoeneko ezkondua, bertara itzuli zenean, baserriaren martxarekin jarraitzera. Joxe Luis, Isabel Urdanpilleta Santakrutzekin ezkondua dago. Beren seme den Joxe Mari Zaldua Urdanpilleta da, gaur egun, baserriaren erdiaren nagusia. Beste erdia Joxe Mariren osaba Antonio zenaren ondorengoena da. 2000. urtean etxe berri txiki bat eraiki zuten baserri zaharraren atarian, ondoan bizitzeko.

Lehen zortzi buru zituzten. Joxe Mari Zalduak Sariaaundi oso etxe oparoa zela kontatzen du; lur ederrak zituen, non babarruna asko biltzen zen. Etxekoek ereiten, zuten eta Oriotik etortzen ziren emakumeak jasotzera.

1998an behiak kendu zituzten, eta gaur Joxe Luis baratzegintzara emana dago Sariako erriberetan dituzten lurretan.

Baserriaren lotutako argazkiak: