Sariagoikoetxea


Sariagoikoetxea Intxaurreta deitzen den auzune txikiaren goialdean dago. Planta karratuko etxea da, eta teilatua bi ur-isurikoa du. XV-XVI. mendean eraikitako etxe hau, lehen familia bakarrekoa izan arren, gutxienez XVIII. mendearen bukaeratik, bi etxebizitzatan zatitua dago, orduan egin baitzen bi aldeak banatzen dituen erdiko murrua eta barruko zurezko egitura. Etxe honek duen elementurik deigarriena arku zorrotzeko portada da, harearri landuz egindako hiru arkibolta dituena. Arku hau iparraldeko fatxadan dago. Ez dakigu horrelako arkurik duen beste baserri bat izango ote den Gipuzkoan, batez ere elizetan ikusten baitira halako ezaugarriak.

Aginagako Komunitateko partaide da.

1563an, Juan de Ibañez de Garraza Sarria zen Sariagoikoa edo Sariagoikoetxeko jabea. Emaztea Maria Beltran de Iraeta zuen. Urte horretan, Martin Perez de Arriolak, Debako eskribauaren aurrean, Sariako ola, errota (Gaztelu), presa, ubideak, bere lursail, larre eta mendiak, San Salbatore elizako oinetxe honetako jaunaren jarlekua, hilobia, udaletxeko jarlekua eta Sariagoikoetxekoak ziren beste ondasun batzuk, Zestoako Iraeta oinetxeari erantsi zizkion.

Aipatutako ondasun horiek guztiek batuak iraun dute orain urte gutxira arte. Azkoitiko Zelaia familia izan da horien jabea. 1990 inguruan saldu zituzten Gaztelu eta Gazteluerrota, baita Sariagoikoetxea ere. Egun, Sariako ola haiena da.

Luis Murugarrenek 1565ean “Sarria de Suso” aipatzen du, “Goycoechea” berriz, 1600ean, eta “Goicoechea 1819an. Gaur, “Goikoetxe” deitzen zaio.

Bi etxebizitzako baserri eder honen mendebaleko zatian Bengoetxea-Bereziartua familia bizi da; ekialdekoan, berriz, Lizarza-Arregi familia.

Bengoetxea familia, gutxienez XVIII. mendearen bukaeratik, Sariagoikoetxean bizi da. Martin Frantzisko Bengoetxea Urkidizar 1794ean jaio zen Usurbilen, eta Aiako Maria Antonia Izeta Azkuerekin (1796an jaioa) ezkondu zen.

Beren seme Joxe Frantzisko Bengoetxea Izeta, 1824an, Aginagan jaio zen, Sariagoikoetxean seguru asko. Josefa Joakina Zaldua Iribar aginagarrarekin ezkondu zen, 1840an jaioa, Sariaaundin seguru asko. Horien seme Joxe Joakin Bengoetxea Zaldua gelditu zen baserrian. 1867an jaio zen Sariagoikoetxean, eta Juana Antonia Zaldua Arrutirekin (Sariaaundiko alaba eta 1880an jaioa) ezkondu zen. Sei seme-alaba izan zituzten: Margarita, Juliana, Martzelino, Santiago, Maria eta Tomas. Martzelino, 1908an jaioa, gelditu zen etxerako, eta Aginagako Urruzmendiko Justa Bereziartua Zubiriarekin (1908an jaioa) ezkondu zen Lezoko Santo Kriston. Zortzi seme-alaba izan zituzten, eta haietako bat, Santiago Bengoetxea, da gaur etxeko nagusia.

Ekialdeko etxebizitzan, lehen bizi zen familia Mujika-Arregi deitzen zen. Aita-amak hil, eta umezurtz gelditu ziren haurrak. Honela, Sariako olatik Lizartza-Labaien familia etorri zen. Sortzez lizartzarrak eta berastegiarrak ziren. Mujikatarren osaba-izebek etxeko bost haurtxo umezurtzak hartu zituzten: Balentin, Felix, Julian, Martina eta Pelaio, berenak zirenekin batera: Enkarna, Juan Joxe, Benardino eta Genobeba izenekoak. Juan Joxe gelditu zen etxean, Lakuntzako Rufina Arregirekin ezkondua, eta bi seme-alaba izan zituzten.

Bertan jaioa zen Julian Mujika alkate izan zen Usurbilen 1936ko gerraren ondoren, hasierako frankismoaren garaian. Auzoan ez zen oso estimatua izan, inguruko guztiekin auzitan ibiltzen baitzen.

Sariagoikoetxeko bi etxebizitzetan hiru morroi eta neskamea izaten ziren. Bi etxeetan zeuzkaten behiak, batean 14-16 buru, idiak-eta barne, eta 7-8 buru bestean. Bengoetxeatarrak esneketariak ziren, eta Martzelino aita ibiltzen zen, lehenengo zaldi-karroarekin, geroago kamioiarekin. Bost semek jarraitu zuten lanbidea 1999an erretiratu arte.

Baserriaren lotutako argazkiak: