Simonenezar


Txokoalde auzunean dago kokatua Simonenea. XVII. mendearen erdi aldekoak dira etxe honen lehenengo aipamenak 1642an. Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusien aginduz Simonenea etxeak erregearentzat dukat bat eman zuela badakigu. Luis Murugarrenek dioenez, zerga hau “donativo graçiosso” gisa ematen zen. Geroztik, ez dugu aurkitu etxe honen aipamen berezirik.

Raimundo Illarramendi nagusia, Simonenezar bertan jaio zen, eta emaztea Josefa Ignazia Zubeldia zuen. Tomas, Raimundoren anaia ezkongabea ere berekin bizi zen. Baserrian behiak zeuzkaten. Gainera, Illarramendi-Zubeldia familia angula-arrantzan aitzindaria izan zen.

Baserri hau Txokoalde auzuneko biltokia zen, eta bertan egiten ziren baserritarren ermandadeko bilerak. Aspalditik, taberna eta sagardotegia ere bazen, eta San Estebango jaietan, esku-soinua jotzen zen atarian. Jende asko etortzen zen.

Raimundok eta Josefa Ignaziak hamar seme-alaba izan zituzten. Maiorazko gisa Lukas semea gelditu zen eta Zumitzagako Dolores Zubeldia Iribarrekin ezkondu zen. Berek jarraitu zuten baserria eta tabernarekin, eta batez ere anguletan jarraitu zuten sasoia zenean, hau da, urritik apirilera. Honela bada, anguletan lan handia zutenez, tabernako lana utzi egin zuten. Behiekin jarraitu zuten. Hala ere, handik urte batzuetara, (1950ean) kendu zituzten arte. Anguletan 1985 arte jarraitu zuten.

Gaur, lau etxebizitzako eraikuntza da Simonenezar. Erantsia Simoneneberri edo Zumetaenea etxea aurkitzen da, eta bertan jatetxea dago.

Baserriaren lotutako argazkiak: