Soroetxeberri


Mutiozabal baserritik iparrekialdera dagoen baserri txikia da. Soroetxeberri izena agertzen da etxe honen jabetza-eskrituretan, baina Sekaña ere deitzen zaio. Baserrian bertan dagoen taberna-jatetxeak Sekaña izena dauka gainera. “Sekain lur” batean dago eta arrazoi horregatik jarri zioten, dirudienez, izen hori 1970 inguruan.

Antza denez, Soroetxeberri XIX. mendearen lehenengo erdian eraikia da. 1891koa da etxe honen lehenengo aipamena.

Errasti familia bizi da bertan. Lehen, baserriko bertako familia Esnaola zen. Joxe Antonio Errasti Manterola, Soroetxeberriko alaba zen Pilar Manterola Atxegarekin ezkondu zen Lezoko Santo Kriston basilikan. Pilarrek Soroetxeberrikoa zuen aita ere, Joxe Mari Esnaola, albaitero ofizioz, oso ona omen zen gainera. Aian, Igeldon, Usurbilen aritzen zen. Lupu belarra eta sendabelar guztiak Soroetxeberriko lurretan zeuden landatuta. Joxe Antonio eta Pilar senar-emazte gazteek sei seme-alaba izan zituzten: Karmen, Florentina, Erramun, Eleuterio, Patxi eta Joxe Mari. Maiorazko semerik gazteena gelditu zen, Joxe Mari, eta Aintziazarreko Dolores Bengoetxea Esnalekin ezkondu zen. Bost seme-alaba hazi dituzte.

Soroetxeberri baserri txikia izanda, sei edo zazpi abelburu zituzten. Etxeko semea, Joxe Mari, baserrian baino gehiago hargin lanean aritu izan da. Donostiako Lugarizko apaizgaitegi edo seminarioa bere lana izan zen; hamar bat urte pasa zuten berak eta bere koadrilak hura eraikitzen. 1970 aldean, ostatua jarri, eta garai berean behiak kendu zituzten baserri honetan. Dena dela, gaur, txerriak, ardiak, oiloak eta ahuntzak hazten dituzte, eta ohitura zaharrari jarraituz, urtero hiltzen dute txerria.

Baserriaren lotutako argazkiak: