Troia


Zaldierrekaren ondoan dago Troia baserria. Baserri eta etxe auzune txiki baten burua da. Ategorrieta, Txaratxikiberri, Dendarieta eta desagertutako Arretxe edo Txaparrenea bere auzokide dira, eta agian oinetxe zahar honen itzalean sortutakoak.

1913an kostaldeko trenbidearen bidea, ordura arte Zubietako erriberetatik zihoana, Oria ibaiaren beste aldera aldatu zuten. Horrekin batera, errepide nagusiaren bidea ere aldatu zuten. Bi bide berri horiek egiteko, Arretxe bota, eta betelana egin zuten Troiaren aurrean. Honela, Oria ibaira zuen berezko aterabidea moztua gelditu zen, eta orain ikusten dugun txokoan gelditu zen. Betelanaren azpitik, Zaldierrekaren urak ibaira isurtzeko egin zuten hodia txikiegia dela eta, Troia baserria, behin baino gehiagotan, ia teilaturaino estali izan du urak azkena 1997ean.

Troia XVII. mendean eraikia da, seguru asko bertan zegoen beste etxe zahar baten oinarrietan. Planta errektangularra du, bi solairu eta ganbara. Hormak harrizkoak eta manposteriazkoak dira. Baserriaren egiturak, oinarrietatik teilaturainoko zurezko habe osoak ditu. Teilatua bi ur-isuritakoa da.

Baserri honen aitzinako erreferentzia batzuk badira. Lope Martinez de Isastik Elizalden “Troya” izeneko oinetxea dagoela dio, 1625eko bere “Compendio Historial de Guipúzcoa” liburuan. Bestalde, 1704an Zubietan izan zen auzi batean ageri denez, 1644an jaioa zen Martin de Guilisasti izenekoa bizi da Troya deitutako baserrian.

Anttoni Zarauz, bere seme Frantzisko zenarekin, Zizurkildik etorri zen Troiara. Anttonik baserria erosi egin zuen, eta bere seme bakarrarekin bizitzen jarri. Frantzisko, Zizurkilgo Siasoro baserriko alaba zen Maria Etxabererekin ezkondu zen, eta 16 seme-alaba izan zituzten. Denak bizitu ziren Troian. Manuel, bigarrena zena gelditu zen maiorazko baserrian, eta Manuela Zabala Zapirain, Errenteriako Trabaleku baserriko alabarekin ezkonduta, zazpi seme-alaba hazi zituzten. Baserriari Julianek, semerik gazteenak, eman zion jarraipena. Anttoni Bengoetxea Otegi, Egiluzeaundiko alaba gazteenarekin ezkondua da, eta bi seme-alaba dituzte. Familia Troian bizitu da 1997ko ekainaren bata arte. Egun hartan, izan ere, urak teilaturaino estali zuen etxea, Zaldierrekako urek gainezka egin baitzuten.

Gaur 25-30 esne behi dituzte Troian, Zaldierrekaren ondoan, baserritik gora dagoen ukuilu batean. Esnea Olaztiko gazta fabrikara saltzen dute. Lehen, halabaina, Donostian etxez etxe partitzen zuten esnea. Ganadu kofradia, berriz, Tomasenean zuten, Kaleberrin. Zarauz familia, azkeneko uholdeak izan zirenean, udaletxeak utzitako etxe batean babestu zen, harik eta etxe berria egin zuten arte: Troiaberri. Troia zaharraren lurretan, uholdeak harrapatzen ez duen lekuan egina dago.Txaparrenberri

Baserriaren lotutako argazkiak: