Kale-baserri txiki bat da Txakurtxulo. Usurbili dagokio. Zubietako elizatik gertu dago, Alamandegizar baserriari erantsia. Alamandegizarraren jabegotik zatitua izan zen, beharbada XVIII. mendean, eta seguru asko Irigoien familia izan zen eraiki zuena. Kale etxea da bere sorreratik. XX. mendean sartuta, etxearen jabea Gregorio Barriola lizartzarra zen. Goiaran baserriko Blas Amas maizterra bizitu zen hemen. Behiak aspaldi kendu zituzten, 1930erako. Blas Txakurtxulon bizi zen artean izan ziren. Blas hil eta gero, Juan Zubiria Garmendia etorri zen Aiako Sarobetxipi baserritik. Juan izan zen Michelingo lehenengoetako fogoneroa. Kalezarreko Errebaltxikiko Gabriela emaginaren ahizpa, Ixidra Telleria Soduperekin ezkondu zen, eta Añorgako Errotazar baserrian jarri ziren bizitzen, azkenik Txakurtxulora etorri ziren arte, 1936an. Zortzi seme-alaba izan zituzten, sei mutil eta bi neska: Imanol, Andoni, Joxe Bernardo, Ignazio, Juanito, Juan Joxe, Izaskun eta Amaia (Amaia Zubiria zubietar kantaria).
Txakurtxulon Izaskun alaba gelditu zen. 1955ean etxea erosi zioten Gregorio Barriola jabeari, eta 1960an hiru etxebizitza egin zituzten. Ordurako, baserri jarduera utzia zuten.
Baserriaren lotutako argazkiak:
- 1958 apirilak 1. Zubieta. Zubietako Yoko Garbi Elkarteko Futbol Taldea. Ekipoa:“SAGARRARENA†(Zubietarrak argazkian). Lasarteko Gure Etxea Ostatuak antolatu zuen.“MAATSARENA†(Lasartearrak) ekipoaren kontra jokatutako partidua. Ezker-eskubi eta goitik behera: 1-. Jexux Mari Errekondo Aizpurua (Aizpurua). 2-. Iñaxio Salsamendi Amunarriz (Barrenetxebekoa). 3-. Fermin Iturrioz Amundarain (Alamandegizar). 4-. Imanol Huizi (Irurubieta). 5-. Pako Añorga Aranburu (Arbitza). 6-. Mikel Errekondo Aizpurua (Aizpurua). 7-. Joxe Añorga Aranburu (Arbitza). 8-. Mikel Iturriotz Amundarain (Alamandegizar). 9-. Joxe Iparragirre Alkorta (Kalea). 10-. Joxe Luis Iparragirre Izagirre (Prostuetxe). 11-. Joxe Luix Arregi Aizpurua (Zuasti). 12-. Imanol Zubiria Telleria (Txakurtxulo).
- 2002. Txakurtxulo.
- Zubiria Telleria familia. Ezker-eskubi eta goitik behera: Imanol,Andoni, Joxe Bernardo. Juanito, Iñaxio, Juan Joxe,Amaia, Juan (aita), Ixidra (ama) eta Izaskun.