Txaparrenberri


Kalezarreko gunetik ekialdera, errepide nagusiaren ondoan dago Txaparrenberri etxea. Ezizenez “Koipiania” deitzen zaio. Troia ondoan zegoen Arretxe edo Txaparrenea baserria. Kostaldeko trenbidea egiteko desjabetzarekin bota zutenean, jabeek Txaparrenberri etxea egin zuten 1915ean, eta etxe berrira Arretxetik etorri zen bizitzera Kandida Lizaso Bidaor, 1886an jaioa. Kandida Lasarteko Sasoetaaundiko alaba zen, eta baserriak aipatutako izengoitia zuenez, Kandidak “Koipianekua” ezizena hartu zuen. Kandidaren biloba Milagros Iribarrek dioenez, “amonak kontatzen zuen nola jendeak ‘Koipianekua’ deitzen zion baserriari, eta berak erantzuten omen zuen:‘Koipiania? Txerria hiltzen degunian, orduan bai dagola koipia gure etxean!’” Kandida, Andres Iribar Gorostiaga Igartzazabaleko semearekin ezkondu zen, eta seme bakarra izan zuten: Joxe Mari. Josefa Añorga Goenaga usurbildarrarekin ezkondu zen Joxe Mari eta Donostiara joan ziren bizitzera, eta Txaparrenberrin maizterra jarri zuten. Maizterrek alde egin zutenean, itzuli egin zen berriz familia. Gaur, Txaparrenberri bi etxebizitzatan zatitua dago, baina familia bera bizi da etxe osoan.

Baserriaren lotutako argazkiak: