Ugarteren iparraldera eta Aranerrekatik hurbil, bazter atsegin eta lasaian dago baserri txiki hau. Ugarte baserriaren banaketa batetik sortuko zen seguru asko. Hasieran etxeorde edo maizter-etxe gisa erabilia izango zen eta ondoren, handitu egingo zuten. Oraindik zati aipagarrienak gordetzen ditu, bata zaharra, XVIII. mendeko zurezko egitura duena, gaur ukuilua dena, eta bestea, zati berria, jada XX. mendean egindakoa.
Baserri honi buruz aurkitu dugun aipamen bakarra 1762koa da, Luis Murugarren historialariak “Lasarte” liburuan agertzen baitu aipatutako urte horretan Miguel Manuel de Ycuza zela baserriaren jabea.
Joxe Juan Illarramendi Joxepa Antonia Ikuza Etxeberriko alabarekin ezkondu zen etxe honetara, eta sei seme-alaba izan zituzten. Etxean, Xanti semea gelditu zen. Ugartetxeberriko jabea, Xanti Illarramendi, Ruperta Ikazetarekin ezkondu zen, Azpietxeko alaba zena, eta hiru seme izan zituzten. Gaur, etxeko nagusia semerik gazteena da, Julian Illarramendi hain zuzen ere. Emaztea Ixabel Matxain Olarriko alaba zuen, jada hila. Lau seme-alaba izan zituzten.
Baserriaren lotutako argazkiak: