Urdairaaundi


Aginagako Goialdeko baserriak Aitzasateko lepoaren azpian aurkitzen dira. Urdairaaundi baserri ertaina da, 18×14 metro neurtzen ditu, eta harri eta manposteriaz egina dago. Ongi landutako hare harrizko harlanduak ditu ertz, leiho eta ateburuetan. XVIII. mendean egindako eraikina da. Urdairatxiki, berriz, badirudi XIX. mendean eraikia dela, lehengo Urdairazarra bi etxebizitzatan zatitu zenean.

Urdaira, Aintziarekin eta Sariarekin batera, gaur Usurbil osatzen duten lurretan, historian agertzen diren lehen etxeak dira. Elena Barrena historialariak “La formación histórica de Guipúzcoa” lanean, zera aipatzen du: 1178 inguruko dokumentu batean, Antso Jakituna erregeak baieztatu zuela Garzia Ramirezek Iruñeako elizari eman zizkiola “Hieldo”, Urumea eta inguruko beste zenbait lekutan zituen ondareak. Hor agertzen da, beste zenbaiten artean, “Urdauide” izena, eta pentsa liteke hori gaurko Urdaira dela.

Urdaira Aginagako Komunitateko partaidea da.

1499an, Juan de Urdaide aipatzen da Usurbilen egin zen lehenengo erroldan.

XVI. mendean, Juanes de Urdaire almirantea Orioko Aldape baserriko semea zen, eta bere arbasoak Urdairakoak ziren.

1625ean, Lope Martinez de Isastik “Compendio Historial de Guipúzcoa” liburuan “Urdaide” oinetxea aipatzen du Aginagan.

1642an, “Urdayre” izeneko etxeak bi dukat eman zituen erregearentzat Gipuzkoako Batzar Nagusiek aginduz, “donativo graçiosso” deitzen zen emaitza gisa.

XIX. mendearen lehenengo herenetik, Urdaira bi etxebizitzako etxea zen: Urdairaaundi eta Urdairatxiki. 1957an hustu egin zen Urdairaaundi, eta abandonatua, erori egin zen 1965 aldean; lau pareta bakarrik gelditu ziren. Pantxika Olazabal zen bertako etxekoandrea, eta senarra Manzisidor zen abizenez. Hori hil zenean, Pantxika berriz ezkondu zen, Joxe Manuel Balerdirekin. Dirudienez Orioko Aizperro baserritik etorria zen Urdairara. Bost seme-alaba izan zituzten. Seme bat Nikolas Balerdi gelditu zen Urdairaaundin ezkonduta. Jabea garai hartan, Bixente Iparragirre zen, oriotarra, eta honek bidali egin zuen Balerdi-Olazabal familia baserritik. Ordutik, abandonatua egon da. Lurrak Urdairatxikikoek erabili dituzte ordutik. 1980an, Urdairatxikiko nagusiak, Joxe Leon Azkonabietak, erosi egin zuen. Gaur, eraberritu egin dute.

Baserriaren lotutako argazkiak: