Zubietako Amiri baserrien eta Santuenea auzunearen artean dago Urteaga baserria -Urtia- Oria ibaitik hurbil, paraje ospel eta heze batean lekutua.
Plano errektangularreko etxea da, harri eta manposteriaz eraikia, harlanduzko ertzekin. Bi solairu, ganbara eta bi ur-isuritako teilatua dauzka. Iparrekialdera begira duen fatxada nagusiak zurezko bilbapenak ditu, eta alde batetik besterainoko balkoi bat; bilbapen tarteak adreilu zeramikoz beteak daude; zortzi haberen gainean altxata dago. Barruko egitura zuraje bikain batez osatua dago; habe, gapirio, oholak… oso erregularrak eta kalitate handikoak dira. XVII. mendearen erdi aldera eraiki zen baserri hau. Garai hartako egiturak mantentzen ditu gaur ere, oso aldaketa gutxi izan duen baserri-etxea da eta.
Puelazar bezala, Urteaga ere Saroe jauregiko jabegoa da. Badirudi, aipatutako jauregiko lokarriaren menpeko direla bi baserri hauek betidanik. Bien artean dagoen “Urteagako txara” deitzen den baso eta mendi ederra ere jabetza berekoa da.
“Ortega” izenarekin agertzen da 1704an izandako auzi batean. Aipatutako urte hartan Miguel de Guilisasti bizi zen maizter.
Gaur, baserrian Xabier Iradi Tolosa bizi da. Ama, Josefa Juliana Lersundi Aginaga, 1884an jaioa, Urteagako alaba zen. Joxe Mari Lersundi eta Agustina Aginaga izan ziren Josefa Julianaren gurasoak. Xabierren aita, berriz, Juan Antonio Iradi Esnaola zen, 1877an jaiotako hernaniarra. Josefa Julianak eta Juan Antoniok bederatzi seme izan zituzten. Axentxio Elustondok dioenez, Iradi familia Hernanin bizi zen gutxienez, XVIII. mendearen bukaeratik.
Iradi familiak baserri lanari eutsi izan dio beti. Lehen hamar edo hamabi abelburu izaten zituzten, baita idi parea ere. Gaur egun, hiruzpalau behi eta hogei edo hogeita bi ardi mantentzen dituzte Xabierrek eta Joan Mari bere anaiak.
Baserriaren lotutako argazkiak: