Zuasti


Zuasti baserria Zubietako erriberetatik mendi aldera dago, Lertxundi baserria bezala. Biak elkarrengandik gertu daude. Bi etxebizitzako baserria da, antzina bakarra bazuen ere. XVIII. mendean banatu zuten bitan, eta garai hartan eraikina bota, eta berria altxa zuten, dirudienez. Gaur, orduko zurezko egitura ederki mantentzen du. Bi etxebizitzako baserri berria eraiki zutenean, etxearen erdian horma sendo bat egin zioten, bi zatiak banatzeko. Zuasti Zubietako Komunitateko partaide izan da beti.

XIV. mendean aurkitzen da baserri honetaz ezagutzen den lehenengo erreferentzia, 1379an hain zuzen. Urte hartan Zubietako oinetxeek Donostia eta Usurbilen artean erabaki behar izan zuten, eta Zuasti Usurbilgo parte izatera pasa zen. Lope Martinez de Isastik ere, 1625ean, Compendio Historial de Guipúzcoan “Suasti” Usurbilgo oinetxea aipatzen du.

Zuasti etxearen izena nondik datorren istorio bitxi batek azaltzen omen du: zuhaitz handi baten inguruan eraiki zutela esaten da, gainaldea eta adarrak moztu, eta arbolaren enborra bertan utziz, eraikinaren erdi erdian, eta enborra habetzat hartuz etxea altxatu omen zuten.

Etxe honen izenaren antzinako agirietako aipamenak ugari dira: XV. mendearen bukaeran Juan Perez de Zuasti zen Usurbilgo eskribaua, Antonio de Achega ordezkatu zuen karguan. 1475ean Juanes de Zuasti ageri da Usurbilgo eskribau. 1517an, Petri de Zuasti izena aipatzen da. Juan de Lasarteren aurkako auzi batean agertzen da beste zubietar batzuekin batera, Oriako Itxia inguruan zituzten lurrak eta ondasunak defendatzen. 1566an, Martin de Zuasti, Zubietako Zuasti etxeko semeak, Donostian auzotasuna zuen. 1598an Bartolome de Zuasti izena agertzen da Komunitateko auzi batean; 1599an, auzi berean, Zubietako Usurbil aldeko zinpeko da. 1663an, Juanes de Sugasti, 1615ean jaioa, Zubietako auzi batean lekuko gisa agertzen da. 1615ean, Maria de Çuasti San Salbatore parrokiako elizkidea konfirmatu zen. 1673an, 1679an eta 1689an Zubietako batzarkide gisa ageri da.

1702an, 1704an eta 1705ean Juan de Zugasti, Juanes de Sugastiren semea, aipatzen da batzarkideen artean, oraingoan, seguru asko, bere seme zen Miguel Antonio de Zugastirekin. 1704an, Jose Miguel de Zugasti apaiza agertzen da Zuasti etxeko jabe gisa. 1721, 1722, 1723 eta 1725 urteetan Juan eta Miguel Antonioren aipamen gehiago ageri dira Zubietako ordezkari moduan. Berak dira Zuastiko jabe. 1796an, Mathias Gardel zen Zugastti izeneko etxearen jabea. Azkenik, 1869an baserriak bi jabe zituen, biak Zubietakoak: Manuela Joakina Gardel eta Jose Zabala Gardel.

Gaur, bi familia bizi dira Zuastin: Arregi-Aizpurua eta Aizpurua-Huizi. Bi familiak ahaide dira beren artean. Zuastiren jabea Zabala familia zen 1900 inguruan. Geroago, Tolosako Arsuagaren eskuetara pasa zen. Baserrian bizi ziren familia maizterrek etxea eta lurrak erosi zizkioten Arsuagari orain dela urte gutxi.

Ignazio Mari Arregi, 1888an Puelazarrean jaioa, 19 urterekin Zuasti baserriaren etxebizitzetako batera etorri zen maizter, eta Maria Aizpurua beste etxebizitzako alabarekin ezkondu zen. Sei seme-alaba izan zituzten: Antonio, Pilar, Julian, Mari Karmen, Joxe Luis eta Juan Ignazio. Antonio maiorazko gelditu zen etxean. Joxe Luis Prostuetxera ezkondu zen, eta beste guztiek kalerako bidea hartu zuten. Hainbat urtetara, Mari Karmen, ezkondua, baserrira bizitzera bueltatu zen. Hiru seme-alaba ditu. Juan Migel semeak hartu du etxearen jarraipena. 10-12 abelburu dituzte.

Juan Migel Olagoi Arregi, baserriko lana aurrera ateratzeaz gainera, ferratzaile egin da, eta Euskal Herri osoan ibiltzen da abereak ferratzen. Seguru asko, Gipuzkoan gaur egun dagoen gazteena izango da jarduera honetan.

Beste etxebizitzari dagokionez, Antonio Maria Aizpurua Elizaldeko Juandeuntzeneaundi etxean jaio zen. Zuastira maizter bizitzera etorria, Simonenezarreko Sabina Illarramendirekin ezkondu zen. Zazpi haur izan zituzten: Joxe, Xegundo, Joakina, Maria, Margarita, Josefa eta Libori. Joxe gelditu zen etxerako, Antonia Urdanpilleta Petritzako alabarekin ezkondua. Bost seme-alabaren aita-amak izan ziren: Joxe Mari, Markos, Paulo, Arantxa eta Ignazio. Etxean Joxe Mari gelditu zen maiorazko, eta Juana Huizi Irurubietako alabarekin ezkondu zen. Hiru seme-alaba izan zituzten, eta horietatik, beren seme Pedro Mari gelditu da etxean. Baserriko lanean jarraitzen du, esnetarako 20-25 behirekin. Astean hiru aldiz, Lasartera joaten dira baserriko produktuak saltzera.

Baserriaren lotutako argazkiak: