Kaparotzetik Urkamendi baserrira eta Aginagako Goialdera doan herribidearen ezkerretara dago. Urkamendigainak babesten du ipar mendebaleko haizeetatik. Gaur, Zumitzaga baserri zaharra berreraikia eta eraberritua dago.
1864ko “Nomenclátor de la Provincia de Guipúzcoa” etxe zerrendetan baserri gisa aipatzen da, udaleltxetik 1700 metrora kokatua.
Oa baserriko seme Juan Mari Zubeldia Lertxundi eta Igartzazabaleko alaba Maria Iribar Gorostidi senar-emazteak ziren baserriaren jabeak. Juan Mari Zubeldiak “indiano” bati erosia zion Zumitzaga. Hamaika seme-alaba izan zituzten, eta seme gazteena gelditu zen etxean, Juan Zubeldia hain zuzen ere. Emaztea Kontxita Telletxea du, Basaburuako Gartzaron herrian jaioa (Nafarroa). Juanek eta Kontxitak lau seme-alaba dituzte.
Zumitzagan 10-12 abelburu zituzten, idi pareaz gain; esnea ekoizten zuten, eta egunero Usurbilgo geltokira jaisten ziren goizeko 6,30etan, astegunetan eta jaietan ere bai. Donostian etxez etxe saltzen zuten esnea, eta Donostiako San Martin plazan saltoki edo postua ere bazuten.
Zumitzaga San Estebango ermandadeko partaide zen, eta Juan Mari Zubeldia nagusia ermandade horretako listero zen gainera.
Juan Mari Zubeldia, bestalde, oso esku-soinujole ona zen, eta festetan giroa alaitzen aritzen zen. Bi soinu omen zituen, baina ezkondutakoan utzi egin zion jotzeari.
Baserriaren lotutako argazkiak:
- 2003. Zumitzaga.
- 1996. Zumitzagako dolarea.
- 1940. Zumitzaga atarian. Zumitzaga baserriko Zubeldia Gorostiaga sendia: 1-.Antonio. 2-. Dolox. 3-. Joxe Ramon. 4-. Kaximiro. 5-. Joxe Mari. 6-. Mertxe. 7-. Kandida. 8-. Julian. 9-. Joxe. 10-. Maria Iribar Gorostiaga. 11-. Juan. 12-. Juan Mari Zubeldia Lertxundi.
- Tolosa ihauteriak. 1-.Agustina Etxenike Urrutia (Baztango Irurita). 2-. Juan Zubeldia Iribar (Zumitzaga). 3-. Kontxi Telletxea Juanarena (Basaburuako Gartzaron). 4-. Saturnino Alkain Atxega (Aialdenezar).